Bihar, urriak 20, goizeko 9:00etan Mankomunitateko Ohiko Batzarra ospatuko da. Ondorengo estekan zuzenean jarraitzeko aukera izango da.
Bihar, urriak 20, goizeko 9:00etan Mankomunitateko Ohiko Batzarra ospatuko da. Ondorengo estekan zuzenean jarraitzeko aukera izango da.
Proiektu hau Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak emandako 13.573,62 euroko dirulaguntzari esker garatu dugu.
Ventas, Amute-Kosta eta Mendelu auzoetan emaitza positiboak izan ondoren, BidaSOS 2030 kanpaina Irungo erdigunera iritsi da. Ekimen honen helburua 2030erako eskualdeko birziklatze tasa % 70ekoa izatea da, eta eskualdeak etorkizun jasangarriarekiko eta ingurumenarekiko duen errespetu eta konpromezua islatzen du.
Ventas auzoan abiatu zenetik, BidaSOS 2030 kanpainak lorpen esanguratsuak erdietsi ditu. Amute-Kostako biztanleen % 66k baino gehiagok eta Mendelun bizi direnen % 70 inguruk modu aktiboan hartzen dute parte beren etxe eta saltokietako hondakin organikoen bereizketan, eta nabarmen laguntzen dute ingurumena zaintzen eta araudiak betetzen. Zenbakiek bere kabuz hitz egiten dute: 2023 urte hasieran, materia organikoaren gaikako bilketan % 52,87ko parte-hartzea zegoen Bidasoa eskualdean. Kanpaina egin den auzoetan, zifra hori batez beste % 68,18ra igo da. Hala ere, Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuetako gerenteak azpimarratu du egungo birziklatze-tasa % 55ekoa dela, eta, beraz, “lan asko dago egiteko 2030 aurretik %70 era iristeko”.
Irungo erdigunean birziklatze-tasak handitzeko eta komunitatea hondakinen kudeaketa arduratsuaz kontzientziatzeko, kanpainak bulego ibiltari bat ezarri du Kolon pasealekuan, gaikako bilketaren prozesuari buruzko informazio zehatza emateko. Hala nola, edukiontzi marroia irekitzeko txartelak, etxerako ontziak eta poltsa konpostagarriak banatuko dira. Gainera, Txingudiko Zerbitzuetako ingurumen-hezkuntzan trebatutako langileek erdiguneko etxe guztiak bisitatuko dituzte, eta informazio-diptikoak emango dituzte, herritar guztiek ekimen horretan parte hartzeko informazioa eta gaitasuna dutela ziurtatzeko.
Bulego mugikorra Kolon pasealekuan egongo da abenduaren 1era arte, astelehenetik ostiralera 10:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara, eta larunbatetan 9:00etatik 14:00etara.
Hondakin organikoak birziklatzea, ingurumenarekiko keinu lagunkoia izateaz gain, finantza-erabaki zentzuduna ere bada herritar arduradunentzat. Edukiontzi marroia erabiltzeak, hondakinak murrizteaz eta kalitatezko konposta ekoizteaz gain, hondakinen kudeaketa-tasak ere murrizten ditu, eta horrek faktura baxuagoak dakartza herritarrentzat. Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuetako gerentearen arabera, “herritar batek edukiontzi marroia erabiltzen duen bakoitzean, modu aktiboan ari da laguntzen Irun garbiago bat izan dezagun. Birziklatze-prozesua ekologikoa izateaz gain, ekonomikoki onuragarria ere izango da herritarrentzat. Beraz, edukiontzi marroian alta eman eta materia organikoa urte osoan bereizten duten pertsonek tarifa murriztua izateko eskubidea dute, hau da, urtean 80 € gutxiago ordainduko dute”.
Borja Olazabal Irungo Kirol, Mugikortasun eta Garapen Iraunkorreko zinegotziak herritarren orain arteko lana eta konpromisoa goraipatu ditu, eta kontzientziazioa indartzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du: "BidaSOS 2030 kanpaina lankidetzaren indarraren adibide argia da. Pozik gaude gure herritarrek ekimen hau konpromisoz nola besarkatu duten ikusteaz, baina lanean jarraitu behar dugu hobetzeko. Elkarrekin lan egitean, gure hondakinak kudeatzeko modua eraldatzeaz gain, etorkizun oparoagoa sortzen ari gara datozen belaunaldientzat. Orain arteko lorpenak hasiera baino ez dira; Irungo erdiguneko herritar guztiak animatu nahi ditut kanpaina honekin bat egitera eta Irun hiri garbiagoa, berdeagoa eta ekonomikoki sendoagoa izatera guztiontzat”.
Txingudiko Zerbitzuek bulego ibiltarira hurbiltzeko deia egin diete Irungo erdiguneko herritar guztiei, batez ere edukiontzi marroian alta emanda ez daudenei. “Asko dago hobetzeko, eta keinu txiki bakoitzak balio du”, adierazi du Zubiturrek.


Txingudiko Zerbitzuak proiektu berritzaile bat garatu du industria-bilketako zerbitzuak hobetzeko. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak emandako 60.000 euroko dirulaguntzari esker, hobekuntza nabarmenak ezarri ahal izan dira pisatze-sistemetan eta zerbitzuen kudeaketan.
Proiektuaren deskribapena:
Proiektuaren ardatza gaitasun operatiboa hobetzea izan da; horretarako, pisatze-sistema aurreratuak integratu dira industria-bilketako kamioietan, eta datuak sinkronizatu dira MAWIS zerbitzuak kudeatzeko programaren eta ERLEA sistemaren artean. Ibilgailuetan beharrezko pisatze-sistemak ezartzeari esker, abonatuengandik bildutako hondakin-zatiei buruzko datu zehatzagoak bilduko dira. Datu horiek kontu handiz integratu dira MAWIS kudeaketa-programarekin eta ERLEA sistemarekin, informazio-fluxu eraginkorra eta arazorik gabea sortuz.
Gainera, doikuntza esanguratsuak egin dira zerbitzuak kudeatzeko plataforman, edukiontzien esleipenean eta abonatu industrialen fakturazioan eraginkortasun handiagoa bermatzeko. Orain, industriako abonatu bakoitzak bilketa-puntuak ditu, eta hondakin-frakzio desberdinetarako edukiontzi espezifikoak esleitu zaizkie, hala nola beira, plastikoa, egurra, papera eta kartoia.
Proiektuaren onurak:
Integrazio teknologiko honek industria-bilketako zerbitzuak optimizatzeaz gain, eragin positiboa du bailara osoan. Datuak zehatz-mehatz berrikusteak zabor-tasa justuagoa dakar industriako abonatuentzat, eta, zeharka, eskualdeko biztanleen etxeko tasak zehatzagoak eta errealistagoak izatea ekarriko dut.
Txingudiko Zerbitzuaken, etengabeko hobekuntzarekin eta iraunkortasunarekin konprometituta gaude. eta ekimen hau aurrerapausoa da gure biztanleriari hondakinak biltzeko zerbitzu eraginkorragoak eta ingurumenarekiko errespetuzkoagoak eskaintzeko.