Nabigatzeko laguntzak

Hizkuntza aukeratzeko menua
Facebook Twitteryoutube

Kontaktua
Jendeari harrera egiteko bul.: Irun (soilik aurretiko hitzorduarekin)
Junkal kalea, 26 behea (8:30 - 14:00).

Hondarribia (Astelehenetan)
Javier Ugarte Kalea, 6 (8:30 - 14:00).
Harrera bezeroei
Kontsultak eta iradokizunak
Logotipo de Txingudiko Zerbitzuak

Web orriaren edukia
 

Gaurkotasuna

Merka2dasoa: ehunka objekturi beste aukera bat emateko jardunaldi berri bat, Hondarribian

Irun, 2024ko uztailaren 4a. Datorren uztailaren 6an, larunbata, bigarren eskuko objektuen azoka Hondarribiara itzuliko da. Azkenekoz egin bezala, oraingo honetan ere  azoka Arma Plazan egingo da, San Pedro kalean beharrean, 10:30etik 14:30etara.

Era guztietako objektual saldu ahal izango dira, betiere egoera onean badaude: kirol-materiala, arropa, poltsak, jostailuak, liburuak, etxetresna elektriko txikiak, antigoaleko gauzak, etab. Ezin izango da material berririk edo stockik  saldu, ezta merkaturako espresuki prestatutako eskulan edo bisuteriarik ere.

Ohi bezala, merkatuak postu partikularrak eta gordailu-salmentarako gune bat izango ditu. Bertan, salmenta-posturik ez dutenek euren produktuak uzteko aukera izango dute, merkatuaren antolatzaileek sal ditzaten.

Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuen gerenteak hondarribitar guztiak animatu nahi izan ditu merkatuan parte hartzera, eta berrerabiltzearen, murriztearen eta birziklatzearen garrantzia gogorarazi du: “Aukera zoragarria da objektuei bigarren bizitza bat emateko eta gure planeta zaintzen laguntzeko. Gainera, uztailaren 3an Plastikozko Poltsarik gabeko Nazioarteko Eguna izan zenez, poltsa berrerabilgarri bat oparituko dugu lehen 250 erosketetan”.


 

Errandoneako depositua berreraikitzeko lanak hasi dira, Hondarribiko ur-hornidura optimizatzeko

Bidasoa Beherea, 2024ko uztailaren 1a. Txingudiko Zerbitzuakek Errandoneako depositua berreraikitzeko lanak hasi ditu,  70eko hamarkadan eraikitako ur-biltegiak birgaitzeko planaren eta 2017-2025 aldirako Inbertsio Planaren baitan. 

Obraren baitan, egungo egitura osorik eraitsi eta hormigoi armatuzko biltegi berri bat eraikiko da, lehendik dagoen indusketa aprobetxatuz eta 4.500 m³-ko edukiera mantenduz. Gainera, depositu berriak balbuleria modernoa eta kontrol zein segurtasun elementuak izango ditu, eta sarreran mikroturbina bat instalatuko da energia berriztagarria sortzeko, sartzen den emariaren presioa erregulatuz. Proiektu honek 2.236.070 euroko aurrekontua du eta Urbycolan enpresak gauzatuko du 9 hilabeteko epean.

Errandoneako biltegia izen bereko baserriaren ondoan dago kokatuta, Hondarribian, eta bi fasetan eraiki zen: lehenengo fasean, 70eko hamarkadaren hasieran, Iparragirre Garaiko eta Beheko biltegiak eraiki ziren. Bigarren fasean, 90eko hamarkadaren amaieran, edukiera bikoiztu egin zen Elordi – Errandonea hodia eraikita, eta guztira 4.500 metro kubikoko edukiera lortu zen.

Bost hamarkada baino gehiagoko antzinatasunarekin, denboraren joanak gabezia batzuk eragin ditu, eta garrantzitsua da berritzea. Azterketa geotekniko eta estruktural sakon baten ondoren, erabaki da depositua berreraikitzea dela konponbide bideragarriena, izan ere,  egungo egitura baldintzak direla-eta birgaitze soil bat ez da nahikoa.

Proiektu honek, uraren kalitatearen gaineko kontrola nabarmen hobetzeaz gain, ihesak ere ezabatuko ditu, eskualdeko ur-horniduraren efizientzia eta jasangarritasuna bultzatuz.

Errandoneako depositua berreraikitzea 2017-2025 Inbertsio Planaren esparruan planifikatutako jarduketa multzo baten parte da. Plan horren barruan, dagoeneko amaitu da Iparragirre Beheko biltegiaren birgaitzea, eta datorren urtean Iparragirre Garaiko depositua hobetzea aurreikusten da.


 

 

Txingudiko Zerbitzuek eta Hondarribiko Udalak hondakinen bilketa hobetuko dute Portua Auzoan

 

Hondakinen kudeaketa optimizatzeko eta Portua Auzoko kaleak garbi mantentzeko helburuarekin, Txingudiko Zerbitzuek, Hondarribiko Udalarekin lankidetzan, hainbat hobekuntza jarri ditu abian hondakinak biltzeko zerbitzuan.

Ekainaren 15etik aurrera, hondakinak biltzeko maiztasuna handitu da, edukiontziek gainezka egin ez dezaten prebenitzeko. Gainera, beste bilketa-gune bat jarri da Zuloaga kalean, 1. zenbakiaren parean, inguruko egoiliarrek edukiontzi gehiago izan ditzaten.

Valentin Gonzalez Txingudiko Zerbitzuetako hondakinen eta hiri-garbiketaren arduradunak herritarren parte-hartzearen garrantzia azpimarratu du aipaturiko neurriek arrakasta izan dezaten. "Neurriok benetan eraginkorrak izan daitezen, auzokide guztien lankidetza behar dugu", adierazi du. Halaber, Gonzalezek gogorarazi die herritarrei garrantzitsua dela hondakin guztiak edukiontzien barruan botatzea eta hurbilen dagoen irlatxoara joatea, gertuen dagoen edukiontzia beteta badago. "Hondakinak bereiztea funtsezkoa da, ez bakarrik ingurumena babesteko, baita legez derrigorrezkoa delako ere", adierazi du Gonzalezek.

Valentin Gonzalezek azpimarratu duenez, "gure kaleak garbi mantentzea guztion erantzukizuna da". Hobekuntza horiekin, Txingudiko Zerbitzuek eta Hondarribiko Udalak Portua auzoko bizi-kalitatea hobetzeko konpromisoa berretsi dute, eta herritarrek modu positiboan erantzungo dutela espero dute, ingurune garbiagoa izan dezagun. 


 

Web orriaren oina
© 2026 Servicios de Txingudi - Txingudiko Zerbitzuak (STTZ)