Nabigatzeko laguntzak

Hizkuntza aukeratzeko menua
Facebook Twitteryoutube

Kontaktua
Jendeari harrera egiteko bul.: Irun (soilik aurretiko hitzorduarekin)
Junkal kalea, 26 behea (8:30 - 14:00).

Hondarribia (Astelehenetan)
Javier Ugarte Kalea, 6 (8:30 - 14:00).
Harrera bezeroei
Kontsultak eta iradokizunak
Logotipo de Txingudiko Zerbitzuak

Web orriaren edukia
 

Gaurkotasuna

Urteko azken Merka2dasoa: jasangarritasuna sustatzeko hitzordua Irunen

 

Irun, 2024ko irailaren 24a. Joan den asteko mugikortasun Merka2dasoa arrakastatsuaren ondoren, datorren larunbatean, urriaren 5ean, Irungo Zabaltza Plazan urteko bigarren eskuko objektuen azken azoka egingo da. 10:00etatik 14:00etara, gerturatzen diren hiritarrek aukera izango dute egoera onean dauden askotariko artikuluak erosteko: kirol-materiala, arropa, poltsak, jostailuak, liburuak, etxetresna elektriko txikiak, antigoaleko gauzak, etab.


Izen-emateak zabalik irailaren 30era arte

Salmenta postu bat jarri nahi dutenek irailaren 30 aurretik eman beharko dute izena txinzer.eus web orrian eskuragarri dagoen formularioaren bidez. Postu partikularrez gain, merkatuak gordailuan saltzeko espazio bat izango du, eta bertan postu propiorik ez dutenek beren objektuak uzteko aukera izango dute, antolakuntzak sal ditzan.


Murriztu, berrerabili, birziklatu

Merka2dasoa merkatu bat izatetik haratago doa. Izan ere, ekimenaren helburu nagusia hondakinak murriztea eta jada erabiltzen ez diren objektuen bizitza luzatzea da. "Aukera bikaina da herritarrak beste modu batean sentsibilizatzeko eta, aldi berean, ohitura jasangarriak sustatzeko", aipatu du Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuen gerenteak. "Herritar guztiak animatu nahi ditut merkatura gerturatu daitezen eta goiz zoragarri bat pasa dezaten, objektuei bigarren aukera bat eman eta etorkizun jasangarriago baten alde egiten duten bitartean". Zubiturrek murriztearen, berrerabiltzearen eta birziklatzearen garrantzia azpimarratu du: "Merka2dasoa aukera ezin hobea da balio horiek martxan jartzeko eta gure ingurunea zaintzen laguntzeko".


 

Jaizkibel Etorbideko hodiak berritzeko lanak hasiko ditu Txingudiko Zerbitzuakek

 Hondarribia, 2024ko irailaren 20a. Datorren irailaren 23an, Txingudiko Zerbitzuak-ek Errandoneako ur-biltegitik Hondarribiko erdigunera doan hodi nagusia ordezteko lanak hasiko ditu, Jaizkibel etorbideari dagokion zatian. Hodi horrek 50 urte baino gehiago ditu, eta ur hornidura seguruagoa eta eraginkorragoa bermatzeko berrituko da.

Proiektuak 550 metro hodi berritzea aurreikusten du, bi fasetan banatuta:

  • Lehenengo fasean, 400 mm-ko diametroa duen 160 metroko hodia instalatuko da Katalina Erauso kaleko bidegurutzean hasi eta Kopako biribilgunera arte. Bidegurutze horretan, 250 mm-ko hodi bat konektatuko da Baserritar Etorbiderantz, eta 300 mm-ko beste hodi bat Jaizkibel Hiribiderantz.
  • Bigarren fasean, 300 mm-ko diametroa duen 390 metroko hodi berria jarriko da. Kopako biribilgunean hasiko da, eta Jaizkibel Hiribide zeharkatuko du Tximista Kalera iritsi arte.

Horrez gain, lanak inguruko ur-edangarriaren sarea hobetzeko baliatuko dira, eta saneamendu-sistema ere berrituko da lehen fasean, egungo eroanbide unitarioaren ordez sistema bereizle bat jarriz.

Lanek bost hilabete iraungo dutela aurreikusten da. Denbora horretan, etxeetarako sarbideak bermatuta egongo dira une oro, eta txandakako trafikoa ezarriko da. Hala ere, noizbehinka trafikoa erabat eten beharko da. Mozketa horiek aldez aurretik jakinaraziko dira.

Txingudiko Zerbitzuak-ek eskerrak eman nahi dizkie kaltetutako auzokide zein saltokiei, euren pazientzia eta laguntzagatik, obrak sor ditzakeen eragozpenengatik.

 

BidaSOS 2030ek edukiontzi marroiaren erabilera bultzatuko du Larreaundi, Olaberria, Behobia, Bidasoa eta Artian

 

- Txinzerren hezitzaileek 2.239 etxebizitza bisitatuko dituzte Irungo Larreaundi, Olaberria, Behobia, Bidasoa eta Artia auzoetan.

- Bulego ibiltari bat jarriko da Eguzkitzaldea kaleko 29. zenbakian, irailaren 16tik 28ra. Urriaren 1etik 26ra, bulegoa Dario de Regoyos kaleko 17. zenbakira lekualdatuko da.

 

Irun, 2024ko irailaren 16a. Txingudiko Zerbitzuak eta Irungo Udala lanean ari dira Bidasoa eskualdeak eredu jasangarriago eta ingurumenarekin konprometituago baterantz aurrera egin dezan. 2030erako eskualdeko birziklatze tasa % 70era igotzeko helburua duen BidaSOS 2030 kanpainak berriro ekingo dio Irunen. Oraingoan, ekimena Larreaundi, Olaberria, Behobia, Bidasoa eta Artia auzoetara zabalduko da. Bertan, ingurumen-hezitzaileek 2.239 etxebizitza bisitatuko dituzte.

 

Aurreko zonaldeetan bezala, bulego ibiltari bat jarriko da Eguzkitzaldea kaleko 29. zenbakian, irailaren 16tik 28ra. Ondoren, urriaren 1etik 26ra, bulegoa Dario de Regoyos kaleko 17. zenbakira llekualdatuko da, Azken Portu kiroldegiaren parean. Arreta ordutegia astelehenetik ostiralera 10:30etik 14 00etara eta 16:30etik 20 00etara izango da, eta larunbatetan 9:00etatik 14:00etara.

 

Bulego ibiltari honen helburua da herritarrei hondakinen gaikako bilketari buruzko informazio argia ematea, bai eta edukiontzi marroia irekitzeko txartelak, birziklatzeko ontziak eta poltsa konpostagarriak banatzea ere. Gainera, Txingudiko Zerbitzuak-eko ingurumen-hezitzaile taldeak etxez etxeko bisitak egingo ditu informazio-liburuxkak emateko, herritar guztiak birziklatzean aktiboki parte hartzeko prest eta informatuta daudela bermatzeko.

Emaitza pozgarriak

Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuak-eko gerenteak azpimarratu du kanpainak eragin positiboa izan duela aurreko eremuetan: "Irungo erdialdean edukiontzi marroiaren erabileran partaidetza % 11 handitzea lortu dugu. 4. eremuan, Santiago-Beraun, Alde Zaharra, Dunboa, Arbes eta Meaka hartzen dituen zonaldean, partaidetza 15 puntu handitu da ". Datu horiek kanpainaren eraginkortasuna islatzen dute, baina Cristina Laborda, Irungo alkateak azpimarratu du oraindik lan handia dagoela egiteko azken helburua lortzeko. "Ekintza txiki bakoitzari esker gauza handiak lor daitezke. Dei egiten diet oraindik konpostaje-sisteman alta eman ez duten Larreaundi, Olaberria, Behobia, Bidasoa eta Artiako herritarrei, hala egin dezaten. Gainera, gogorarazi nahi dut edukiontzi marroiarekin bat egin eta haren eraginkorra egiten dutenek tarifa baxuagoak izango dituztela. Batez beste, urtean 103,07 euro aurreztuko dituzte ", azpimarratu du Labordak.

 

 

 

 

Web orriaren oina
© 2026 Servicios de Txingudi - Txingudiko Zerbitzuak (STTZ)