Nabigatzeko laguntzak

Hizkuntza aukeratzeko menua
Facebook Twitteryoutube

Kontaktua
Jendeari harrera egiteko bul.: Irun (soilik aurretiko hitzorduarekin)
Junkal kalea, 26 behea (8:30 - 14:00).

Hondarribia (Astelehenetan)
Javier Ugarte Kalea, 6 (8:30 - 14:00).
Harrera bezeroei
Kontsultak eta iradokizunak
Logotipo de Txingudiko Zerbitzuak

Web orriaren edukia
 

Gaurkotasuna

Txingudiko Zerbitzuak-ek energia berriztagarria sortuko du Errandoneako depositu eraberrituan instalatutako mikroturbinei esker

 Bidasoa Beherea, 2025eko apirilak 2. Txingudiko Zerbitzuak-ek urrats garrantzitsua eman du jasangarritasunaren bidean, Errandoneako ur-biltegian bi mikroturbina hidrauliko instalatuta. Sistema horrek energia berriztagarria sortzeko aukera emango du, ur-fluxuak deposituaren sarreran duen presioa aprobetxatuz, sare elektrikoarekiko mendekotasuna murriztuz eta energia-kontsumoa optimizatuz. Karbono-aztarna gutxitzeaz gain, berrikuntza horrek ustiapen-kostuak kontrolpean mantentzen ere lagunduko du, Irungo eta Hondarribiko herritarren onurarako. Jarduketa hau Errandoneako depositua eraberritzeko lanen baitan dago, eta  bat dator Jasangarritasun eta Eraginkortasun Energetikoko helburu estrategikoekin, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak sustatutako PERTE proiektuaren barruan.

Energia berriztagarria, hornidura eraginkorrago baterako

Mikroturbina bakoitzak 9 kW-ko energia sortuko du, guztira 18 kW-ko potentzia gaitasuna emango dutelarik. Elordiko ETAPetik Errandoneako depositurainoko ibilbidean dagoen desnibel naturalari esker, deposituko sarrerako uraren presioa elektrizitate bihurtuko da. “Sistema horrek energia ekoizpen egonkorra bermatzen du, baita aurreikusteko modukoa ere. Izan ere, hornidura sareko ur fluxuaren mende dago soil-soilik”, azaldu du Samuel Vazquezek, Txingudiko Zerbitzuetako Instalazioen Ustiapen eta Mantentze Lanetako arduradunak.

Sortutako energia biltegiaren beraren autokontsumorako erabiliko da batez ere. Behar baino gehiago izanez gero, soberako energia sare orokorrean injektatu ahal izango dira, ohiko kontsumo elektrikoa murrizten lagunduz.

Herritarrentzako onura zuzena

Mikroturbinen instalazioa aurrerapen teknologikoa eta ingurumenaren aldeko ekimena izateaz gain, eragin positiboa izango du Irungo eta Hondarribiko etxebizitzetan ere. Energia berriztagarria sortzeak azpiegituraren kontsumo elektrikoa murriztuko du, eta horrek sare konbentzionalarekiko mendekotasun txikiagoa eta Txingudiko Zerbitzuentzat aurrezpen ekonomiko esanguratsua ekarriko ditu. "Aurrezpen horrek ustiapen-kostuak kontrolatzeko eta ur-tarifak egonkortzeko aukera emango du", nabarmendu du Leire Zubitur gerenteak. “Gainera, depositua osorik berritzeak hornidura eraginkorragoa eta seguruagoa bermatuko du, egon daitezkeen ihesak eta etenak minimizatuz eta eskualdeko bizilagunek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatea hobetuz.”

Cristina Laborda Mankomunitateko lehendakariak inbertsio horiek herritarren ongizatean duten garrantzia azpimarratu du: “Jasangarritasunaren aldeko apustu honekin, ingurumena zaintzeaz gain, zerbitzu publiko eraginkorragoa eta ekonomikoagoa ere ziurtatzen dugu. Horrelako ekimenek aukera ematen digute baliabideen kudeaketa arduratsu baterantz aurrera egiteko, herritarrek ura baldintza onenetan eta kostu ekonomiko txikiagoarekin eskuratzeko aukera bermatuz. ”

Jasangarritasunaren aldeko etengabeko apustua

Txingudiko Zerbitzuak-ek urteak daramatza bere burua hornitzeko energia berriztagarria ekoizten. "2019an, lehen mikroturbina instalatu genuen Iparragirre Beheko deposituan, kontsumo elektrikoa murrizteko eta ur-baliabideak hobeto aprobetxatzeko duen ahalmena erakutsiz. Orain, urrats bat gehiago ematen dugu autosufizientzia energetikorantz", azaldu du Zubiturrek.

Txinzerren kontsumo energetiko handiak funtsezkoa egiten du energia berriztagarria ekoiztea. 2024an, erakundeak 4.410 MWh energia berriztagarri sortu zuen guztira, eta horietatik 1.260 MWh autokontsumorako izan ziren.  3.146 MWh sare orokorrera esportatu ziren, eskari osoaren zati bat konpentsatuta.

Erakundeak jasangarritasunaren alde egindako apustua azpimarratu du Cristina Labordak: "Aurrerapen horiek aukera ematen digute etorkizun eraginkorragoa eta ingurumenarekiko errespetuzkoagoa eraikitzeko. Zerbitzu publikoen kalitatean eta Irun eta Hondarribiko herritarren ongizatean eragin zuzena duen inbertsioa da. Larrialdi klimatikoko testuinguru batean, energia garbien alde egitea ez da soilik erabaki estrategiko bat, ezinbesteko erantzukizuna baizkik. Aldaketa hauekin, gure hiriak trantsizio energetikoarekin duten konpromisoa indartzen dugu, eta beste urrats bat ematen dugu baliabide naturalen kudeaketa jasangarrian. Hau da jarraitu beharreko bidea: azpiegitura erresilienteak, eraginkorrak eta egungo eta etorkizuneko ingurumen erronkekin lerrokatuak. "

Bestalde, Mankomunitateko lehendakariorde Igor Enparanek berrikuntzaren eragina balioetsi du: "Errandonea puntu estrategikoa da gure hornidura sarean, eta depositua berreraikitzeak hobekuntza nabarmena dakar gure etxeetarako horniduraren segurtasunean eta fidagarritasunean. Baina proiektu hau haratago doa, mikroturbinei esker gure baliabide naturalak modu adimentsuan aprobetxatuko baititugu, energia garbia sortuz. Teknologia berdean egindako inbertsioak funtsezkoak dira etorkizunari aurre egiteko, eta jarduera hori energia modu eraginkor eta arduratsuan sortzeko moduaren adibide argia da. Obra bakoitzarekin, proiektu bakoitzarekin, Mankomunitatea urratsak ematen ari da eredu energetiko autonomoago eta jasangarriago baterantz, eta konpromiso hori partekatzen dugu bai Irunen, bai Hondarribian, herritar guztien mesedetan. "

Errandoneako biltegiaren berreraikuntza

Mikroturbinak Errandoneako biltegiaren berreraikuntza-proiektuaren barruan instalatu dira. 2024ko uztailean hasitako obrek 70eko hamarkadako egitura zaharra eraistea eta hormigoi armatuzko biltegi berri bat eraikitzea ekarri dute, 4.500 m³ -ko edukierarekin.

Proiektuak bi milioi eurotik gorako inbertsioa izan du, eta balbulak modernizatu, kontrol sistemak hobetu eta ur fluxuak optimizatuko ditu, galerak murrizteko. "Depositua berritzeak batez ere Hondarribiko edateko uraren hornidura optimizatzea ahalbidetuko du, emarien erregulazioa hobetuz eta zerbitzu seguru eta jasangarriagoa bermatuz", nabarmendu du Zubiturrek.

 

Txingudiko Zerbitzuak entitateak ingurumen-tailerren gidari izango den pertsonaia hautatzeko marrazki lehiaketaren emaitzak aurkeztu ditu

Txingudiko Zerbitzuak antolatzen dituen ingurumen tailerretan lehenengo marrazki lehiaketa antolatu dute ikasturte honetan, eta parte-hartze handia izan du. Guztira 42 ikaslek aurkeztu dituzte beren proposamenak, parte-hartzea positiboa izateaz gain, sustatu duten irakasle guztien inplikazioari esker arrakastatsua izan da.

Lehiaketaren helburua ingurumen-hezkuntzarekin lotutako pertsonaia bat sortzea izan da. Marraztu behar zen pertsonaia hau Txingudiko Zerbitzuak-ek eskaintzen dituzten ingurumen-hezkuntzako tailerretan protagonista izango da, digitalizatua eta animatua izateko helburuarekin. Parte-hartzaileen sormenari esker, irudi ugari jaso dira, eta emaitzak oso aberasgarriak izan dira.

Epaimahaiak hainbat irizpide kontuan hartu ditu irabazlea aukeratzerakoan. Marrazkien estetika ez ezik, haien irudimena eta transmititzen zuten mezua ere baloratu dira. Prozesu honen ondorioz, irabazle bat hautatu da, eta haren diseinua izango da ingurumen-hezkuntzako tailerretan protagonista. 

Bestalde, parte-hartzaile guztien lanak mural handi batean bildu dira. Marrazki bakoitzak bere balio mezua transmititzen du, eta horrela, ingurumen-hezkuntzaren garrantzia nabarmentzen da.

Aukeratutako pertsonaia laster aurkeztuko da, eta bere erabilera berrien berri emango da etorkizunean. Lehiaketak ingurumenarekiko sentsibilizazioa sustatzeko eta gazteek parte hartzeko garrantzia azpimarratu du.

 

Bisita gidatua Endarako urtegira eta Elordiko edateko uren araztegira, Uraren Mundu Egunaren harira

Martxoaren 22an Uraren Munduko Eguna dela eta, Txingudiko Zerbitzuakek bisita gidatua antolatu du martxoaren 23an (igandea) Endarako urtegira eta Elordiko edateko uren araztegira, eskualdeko ur-horniduraren azpiegitura nagusiak gertutik ezagutzeko.

Glaziarren kontserbazioa” lelopean, bisitak funtsezko ekosistema horiek babestearen garrantziaz kontzientziatzea du helburu, uraren zikloan eta mundu osoko milioika pertsonen bizitzan duen eraginagatik. Gure eskualdean glaziarrik ez badago ere, ezinbestekoa da “pentsatu globalki, jardun tokian-tokian” printzipioa barneratzea, eta ura eta energia arduraz eta modu jasangarrian kontsumitzea.

Bisitaren ibilbidea eta izen-ematea

Bisitan parte hartzeko aukera herritar gehoagok izan dezaten, bi talde antolatuko dira:

  • A taldeak Elordiko ETAPen hasiko du bisita. Bertan, Irungo eta Hondarribiko ur-hornidura bermatzen duen prozesua gertutik ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Ondoren, Endarako urtegira joango dira, uraren garraio-sistema ezagutzeko.
  • B taldeak alderantzizko ordenan egingo du ibilbidea, Endarako urtegitik abiatuta.

Bisita doakoa izango da, autobus zerbitzua izango da parte-hartzaileentzat eta euskaraz zein gaztelaniaz egin ahal izango da. Jarduerak bost ordu inguruko iraupena izango du, autobuseko joan-etorriak barne.

Interesa dutenek martxoaren 5etik aurrera eman ahalko dute izena formulario honetatik. Bertan, bisita-txanda eta autobus geltokia aukeratu beharko dute. 100 plaza egongo dira eskuragarri, eta izen-emate hurrenkeraren arabera esleituko dira.

Arrakasta handia duen ekimena

“Bisita gidatuek arrakasta handia izan dute aurreko edizioetan, eta berehala bete ohi dira eskuragarri jarritako plaza guztiak. Ingurumen-kontzientzia gero eta handiagoa da, eta edateko uraren kudeaketa ezagutzeko interesa areagotzen ari da. Hori dela eta, ekintza hau aukera paregabea da bizitzarako ezinbesteko baliabide bat gertutik ezagutzeko”, adierazi du Leire Zubitur gerenteak. Txingudiko Zerbitzuetatik herritarrak animatzen ditugu bisita honetan parte har dezaten eta urak gure etxeetara iritsi arte egiten duen ibilbidea bertatik bertara ezagutu dezaten.

Ez galdu aukera eta eman izena!

 

Web orriaren oina
© 2026 Servicios de Txingudi - Txingudiko Zerbitzuak (STTZ)