Nabigatzeko laguntzak

Hizkuntza aukeratzeko menua
Facebook Twitteryoutube

Kontaktua
Jendeari harrera egiteko bul.: Irun (soilik aurretiko hitzorduarekin)
Junkal kalea, 26 behea (8:30 - 14:00).

Hondarribia (Astelehenetan)
Javier Ugarte Kalea, 6 (8:30 - 14:00).
Harrera bezeroei
Kontsultak eta iradokizunak
Logotipo de Txingudiko Zerbitzuak

Web orriaren edukia
 

Gaurkotasuna

Obrak Pagogaina kalean ekainaren 9tik aurrera: 18 eta 30 zenbakien artean egingo dira lanak

Bidasoa Beherea, 2025eko ekainaren 5a. Txingudiko Zerbitzuak-etik jakinarazten da datorren ekainaren 9an, astelehenean, berritze-lanak hasiko direla Pagogaina kalean, 18. eta 30. atarien artean.

Esku-hartzea ezinbestekoa da, egungo hodiaren egoera txarra baita. Izan ere, azken asteotan hainbat matxura izan dira eta etorkizuneko arazoak saihesteko eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko helburuarekin, hoditeria osoa berrituko da.

Guztira, 110 metroko hodia ordezkatuko da, eta kaltetutako etxebizitzen ur-konexioak ere berrituko dira. Lanek 3 -4 aste irautea aurreikusten da.
 
Obrak dirauen bitartean, ur-mozketa puntualak izango dira. Edonola ere, ustekabeko etenak gertatuz gero hornidura bermatuko duen behin-behineko sistema bat jarriko da martxan.
 
Lanak errepidearen ertzean egingo dira, espaloiei eragin gabe, bizilagunei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko eta lanen exekuzioa arintzeko. Obren ondorioz aparkaleku batzuk okupatu beharko dira, faseka. Behar bezala seinaleztatuko da aldez aurretik.
Txingudiko Zerbitzuak-ek eskerrak eman nahi dizkie kaltetutako bizilagunei, erakutsitako ulermenagatik eta lankidetzagatik. Edozein zalantza argitzeko, 900 119 384 doako telefonoa edo txingudi@txinzer.eus helbide elektronikoa erabil daitezke.
 
 

Txingudiko Zerbitzuak-ek Bioterrako Merka2dasoarako bizikleta-bilketa hasi du

Irun, 2025eko maiatzaren 27a. Ekainaren 6tik 8ra egingo da Bioterra azoka Ficoban, eta, urtero bezala, jasangarritasuna izango du ardatz; produktu ekologikoak, bioeraikuntza, energia berriztagarriak eta kontsumo arduratsua jarriko dira erdigunean. Txingudiko Zerbitzuak ere bertan izango da beste behin, bigarren eskuko bizikleten Merka2dasoa azokarekin, berrerabilpena, mugikortasun iraunkorra eta ekonomia zirkularra sustatzeko helburuarekin.

Bizikleta-bilketa dagoeneko martxan da, eta azoka hasi arte luzatuko da. Helburua merkatuaren kudeaketa erraztea eta ekitaldiaren lehen egunetik erosleei aukera zabala bermatzea da.

"Etxe askotan daude egoera onean dauden baina erabiltzen ez dituzten bizikletak. Merka2dasoa aukera paregabea da bizikleta horiei guztiei bigarren erabilera bat emateko eta garraio-eredu jasangarriago bat sustatzeko", azaldu du Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuetako gerenteak.
 
Parte hartzeko moduak:

Bizikleta saldu nahi duten herritarrek hiru bide dituzte parte hartzeko:

  • Online erregistroa, txinzer.eus webgunean eskuragarri dagoen formularioa betez. Behin izena emanda, bizikleta Ficoban entregatu beharko da ekainaren 2, 3, 4, 5 edo 6an, 9:00etatik 14:00etara.
  • Aurrez aurreko erregistroa. Egun eta ordutegi berean Ficoban bertan egin daiteke erregistroa, bizikleta entregatzeko unean.
  • Azokak irauten duen bitartean, ekainaren 6tik 8ra, bizikletak entregatu eta erregistratzeko aukera izango da Ficoban.
Baldintzak:
  • Bizikletak soilik onartuko dira.
  • Ez da onartuko patinete elektrikorik edo osagarririk.
  • Gehieneko salmenta-prezioa 500 €-koa izango da.
Merka2dasoa Bioterra 2025 azoka-programaren parte da. Azokak doako sarrera izango du, eta urtero bezala kontsumo arduratsuarekin eta ingurumen-jasangarritasunarekin lotutako ekimenen topagune bihurtuko da.



 
 

BidaSOS 2030 kanpaina Irunera eta Hondarribira itzuliko da, edukiontzi organikoan altan emandakoen %66 gainditu ondoren

  • BidaSOS 2030 kanpainak edukiontzi organikoan alta emandakoen ehunekoa %54tik %66ra handitzea lortu du. 
  • Aurten, kanpaina Urdanibia-Jaizubia (Irun) auzoetan hasiko da eta bulego ibiltaria Eihera plazan egongo da maiatzaren 23tik ekainaren 3ra. 
  • Bidasoa Beherea, 2025eko maiatzaren 23a. BidaSOS 2030 kanpainak bere eragina sendotu du Irunen eta Hondarribian, eta eskualdeko birziklatze-tasa handitzen jarraitzea izango du helburu egitasmoa.. Txingudiko Zerbitzuaken datuen arabera, edukiontzi organikoan alta emandakoen tasa %54tik %66ra igo da, eta horrek herritarren parte-hartze gero eta handiagoa erakusten du hondakin organikoen bereizketan. Bilakaera horri esker, atzean utzi da 2022an izandako beherakada, eta %57ko birziklatze-tasa lortu da eskualdean. Hainbat faktorek eragin dute hobekuntza hori, baina BidaSOS 2030 kanpaina tresna eraginkorra izan da edukiontzi organikoaren erabilera bultzatzeko eta ohitura jasangarriagoak sustatzeko. Hori dela eta, ekimena hirugarren urtez itzuliko da Irun eta Hondarribiko kaleetara, bereizketa egokia sustatzen jarraitzeko. 

     

    2023an, edukiontzi organikoan altan emandakoen kopurua %17 hazi zen, eta 2024ko datuek joera hori berresten dute: Irungo Santiago, Beraun, Alde Zaharra, Dunboa, Arbes eta Meaka auzoetan alta kopurua %53tik %68ra igo da; Larreaundi, Olaberria, Behobia eta Artian %56tik %71ra, eta Hondarribian ere nabarmena izan da gorakada: Alde Zaharrean eta Portuan %46tik %63ra. 

    “Argi ikusten ari gara herritarren konpromisoa emaitzetan islatzen dela. Kanpaina garatu den auzoetan, hondakin organikoen edukiontzian alta emandakoen batez bestekoa %67tik gorakoa da”, nabarmendu du Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuetako gerenteak. “2025 honetan ohitura-aldaketa hori sendotu nahi dugu, eta oraindik hobekuntzarako tartea dagoen auzoetara hurbildu.” 

     

    Edukiontzi organikoaren erabilera egokia sustatzeko informazioa, tresnak eta laguntza 

    Aurten, kanpaina Urdanibia eta Jaizubia (Irun) auzoetan abiatuko da. Bertan, abonatuen %40 daude edukiontzi organikoan alta emanda. Bi astez, inguruko etxeak bisitatuko dituzte ingurumen-hezitzaileek, informazio pertsonalizatua emateko, zalantzak argitzeko eta hondakin organikoen bereizketa egokia sustatzeko. 

     

    Aurreko edizioetan bezala, bulego ibiltaria jarriko da, kanpaina indartzeko, Eihera plazan. Bulegoa astelehenetik ostiralera 10:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara egongo da zabalik, eta larunbatetan 9:00etatik 14:00etara. Bertan, edukiontziak eta poltsa konpostagarriak jaso ahal izango dira, baita hondakinen bilketa-sistemari buruzko edozein zalantza argitu ere. 

     

    Zubiturren hitzetan, “informazio argia, tresna egokiak eta laguntza eskaintzen direnean, herritarren erantzuna positiboa izaten da”. Azaldu duenez, “frakzio organikoen edukiontzi marroian izena emandakoen igoera nabarmena izan da, eta horrek erakusten du ohituretan aldaketa bat gertatzen ari dela eskualdean. Guztion artean, sistema eraginkorrago eta ingurumenarekiko errespetutsuago bat eraikitzen jarraitu nahi dugu.” 

     

    Bestalde, Zubiturrek gogorarazi du hondakinak behar bezala bereizten dituzten familiek tasa merkeagoa ordaintzen dutela: “Konprometitutako familia batek 148 euro ordaintzen ditu urtean; hondakinak behar bezala bereizten ez dituztenek, aldiz, 273 euro. 125 euroko aldea dago, eta horrek herritarren ahalegina saritzen du".

     

    Mankomunitateko lehendakari Cristina Labordak halako estrategien garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Birziklatzeaz haratago, etxetik eta eguneroko bizitzatik hasten den kultura-aldaketa baten alde ari gara lanean kanpaina honekin. Irunen benetako eraldaketa baten aldeko apustua egiten dugu, eta BidaSOS 2030 bezalako egitasmoek auzoetara iristeko, herritarrak entzuteko eta elkarrekin hiri jasangarriago bat eraikitzeko aukera ematen digute. Gure helburua ez da soilik datuak hobetzea, baizik eta kontzientzia eta elkartasuna sortzea".

     

    Halaber, Igor Enparan Hondarribiko alkateak adierazi du aldaketa hau lehentasun politiko eta soziala dela: “Aldaketaren buru izatea dagokigu. Hondakinen bereizketa hobetzea ez da aukera bat, behar bat baizik. Hondarribian, herritar bakoitzak jakin dezala bere keinuak garrantzia duela. BidaSOS 2030 ez da soilik informazio-kanpaina bat, ekintzarako deia ere bada. Hurbiltasunaren, hezkuntzaren eta parte-hartze zuzenaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu, etorkizunarekiko konprometitutako eskualde garbiago baterantz aurrera egiteko.” 

     

    Lehen fasearen ostean, kanpaina Hondarribiko Akartegi auzora lekualdatuko da ekainaren 5etik uztailaren 15era, eta Irunen jarraituko du irailaren 17tik urriaren 28ra San Migel, Antzaran eta Pinudi auzoetan. 

    BidaSOS 2030 kanpainak 83.072 euroko aurrekontua izango du aurten, Urdanibia-Jaizubian (Irun eta Hondarribia), Akartegin, Arkollan eta Gornutzen (Hondarribia), eta San Migelen, Antzaran eta Pinudi (Irun) auzoetan garatu dadin. Oraindik ebazteke dagoen arren, Txingudiko Zerbitzuak-ek 50.000 euroko dirulaguntza eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. 

     

    Erakundetik gogorarazten da, BidaSOS 2030 egitasmoa bereziki hondakin organkikoen birziklapenean zentratzen den arren, herritarren konpromisoa funtsezkoa dela hondakin-frakzio guztien bereizketarekin jarraitzeko: ontzi arinak, papera eta kartoia, beira eta errefusa. Hondakin bakoitza behar bezala sailkatzea ezinbestekoa da gure ingurumen-inpaktua murrizteko eta eskualde garbiago eta jasangarriago bat izateko. Keinu bakoitzak balio du. 

 

 

 

Web orriaren oina
© 2026 Servicios de Txingudi - Txingudiko Zerbitzuak (STTZ)