1988. urtean inauguratu zen Endara edo San Anton urtegia, ordura arte zegoen urtegi bakarrak, Domikoko urtegiak, zuena baino 16 aldiz edukiera handiagoarekin, eta momentuz behintzat irtenbidea eman zitzaien Irun eta Hondarribirako ur hornikuntza arazoei, Herritarrek ur murrizketak jasan behar izaten baitzituzten aski maiz.
Eskualdean alde gipuzkoarreko uraren ziklo integrala (hornikuntza eta saneamendua) kudeatzeko, 1989ko abenduaren 4an, Mancomunidad de Aguas de Txingudi-Txingudiko Uren Mankomunitatea sortu zen Irungo eta Hondarribiko Udalek osoko bilkuretan beharreko akordioa hartu ondoren.
Mankomunitateak, legeriak aurreikusten dituen kudeatzeko modu desberdinen artean, erabaki zuen udal sozietate anonimoa sortzea, osorik eta bakar-bakarrik Mankomunitateak partaidetua, Aguas de Txingudi-Txingudiko Urak, S.A. izen sozialarekin, eta 1990ko urtarrilaren 1ean hasi zuen bere jarduna.
1993. urtean Behe Bidasoako Hornikuntza eta Saneamendu Plana aurkeztu zuen Aguas de Txingudi-Txingudiko Urak, S.A.k, eta eskualdean ur hornikuntzaren eta saneamenduaren alorrean zeuden eskasiei aurre egiteko erabaki irmoa hartu zuen. Oso azpiegitura garrantzitsuak proiektatu ziren Plan horretan eta urteen joanean errealitate egin dira.
Hala bada, Elordiko Edateko Ura Tratatzeko Planta (EUTP) inauguratu zen 1996. urtean, eta gaur egun edateko uraren hornikuntza handik egiten dute Irunek eta Hondarribiak.
Mancomunidad de Servicios de Txingudi-Txingudiko Zerbitzu Mankomunitatea, orain ezagutzen dugun bezala, ez zen osatu 1997. urtera arte, elkartutako udalek hondakinen eta bide garbiketaren alorreko udal eskumenak Mankomunitatearen esku uzteko erabakia hartu ondoren.
Horrenbestez, organo kudeatzaileak, hauxe da, sozietate anonimoak, Servicios de Txingudi-Txingudiko Zerbitzuak, S.A. izena hartu zuen, eta era berean hondakinen eta bide garbiketaren kudeaketarekin loturiko zerbitzuetara zabaldu zen haren helburu soziala.
2003. urtean inauguratu zen Atalerrekako Hondakin Uren Araztegia (HUA), eta bukatutzat hartu zen Saneamendu Planaren egitura nagusia, lehena eta geroa markatuz Txingudiko hiriguneak zeharkatzen dituzten ibaien osasungarritasunean eta Bidasoa ibaiaren bokalean. Azpiegitura horiei esker, inolako zalantzarik gabe, bizitzeko leku atseginagoa, osasungarriagoa eta ingurumenari begira hobea da Behe Bidasoa eskualdea.
2011. urtean bukatu ziren Jaizkibel-Elordiko Hornikuntza lanak, eta halaxe bete zen eskualderako lehentasunezko beste helburuetako bat: ur horniduran berme mailak handitzea.
Etorkizunari begira, oso erronka interesgarriak ditugu aurrean Behe Bidasoa eskualderako. Hornikuntzarako uraren kalitatearen estandarrak babesteaz gainera, helburu nagusia da uraren banaketarako hiri sareen kudeaketa aurreratua egitea, sare horiek zehatz eta denbora errealean kontrolatuz, haien errendimendua, mantenua eta berrikuntza optimizatu ahal izateko eta eskariaren kudeaketa eraginkorrerantz aurrera egiteko. Bestalde, oso erronka garrantzitsuak izango dira halaber euri uren kudeaketa eta huste egokia, eta hornikuntzarako eta saneamendurako hiri sareak berritzen jarraitzea, haien errendimenduak hobetuz eta euri urak eta ur beltzak bereiziz.
Hondakinei dagokienean, eskumenak Mankomunitateak hartu ondoren, 1999. urtean aldatu egin ziren zakar poltsak, beira eta papera botatzeko edukiontzi zaharrak eta koloretako edukiontzi berriak jarri ziren etxeko hondakinak gaika biltzeko. Edukiontzi horia ere jarri zen ontzi hondakinak biltzeko, eta urtebete geroago ehunak biltzeko edukiontzi zuria.
2013. urtean ezarri zen gai organikoaren gaikako bilketa, alboko karga duten edukiontzien bidez. Bilketa horretatik etorritako materiala konpostajerako erabiltzen da.
Birziklatze tasaren bilakaera, % 17,96rekin hasi zena 2000. urtean, igotzen joan da eta 2014. urtean % 40ko hesia gainditu zuen lehenbiziko aldiz.
Hurrengo urteetarako erronka nagusia da Hondakinei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak finkaturiko birziklatze helburuak betetzea. Lege horrek % 50eko birziklatze tasa markatzen du 2020. urterako.
Irungo eta Hondarribiko bide garbiketa zerbitzuei dagokienean, erraztatzeko eta urez garbitzeko lanak egiten dira, eskuz nahiz baliabide mekanikoen bidez, eta baita beste hainbat zerbitzu osagarri ere: haur parkeen garbiketa, pintadak eta pankartak, eremu berezietako brigadak eta abar.