Txingudiko Zerbitzuakek eskualdean eta hilabete honetan “Birziklatu eta Azaldu Plazara!” leloarekin burutuko duen kanpaina berriarekin bi helburu bete nahi ditu: etxean hondakinak gaika bereiztearen beharrari buruz informatzea eta herritarrak horretaz jabetzea. Bereziki azpimarratu nahi da herritarrek ohitura hori beren gain hartzeak duen garrantzia birziklapena errazteko, zabortegian amaitzen duten hondakinen bolumena murrizteko eta, horrekin guztiarekin, ingurumenaren zaintzari ekarpen erabakigarria egiteko.
“Birziklatu eta Azaldu Plazara!” ekimenak presentzia handia izango du kaleetan, herritarrekin zuzeneko harremana ahalbidetuko duten jarduerak proposatuko dira, eta herritarrek egungo bilketa moduen inguruan eduki litzaketen zalantzak argitzeko espazioak antolatuko dira.
Puxiken jolasa
Irungo Zabaltza plaza eta Hondarribiko San Pedro kalea izango dira kanpainan aurreikusitako jardueretako baten –puxiken jolasa– agertokiak. Ingurumen hezitzaileek gidatutako bi informazio gune instalatuko dira, eta herritarrek “hondakinak” leku batetik bestera eramanez eta dagokion edukiontzian loturik parte hartu ahal izango dute. Hondakin bakoitza puxika handi baten sokari lotuta egongo da, izan ere, jolas izaera eman nahi zaio jarduerari eta adin guztietako pertsonentzako jolas eremu bat eskaini nahi da, behar beste argibide emateko eta zalantzak argitzeko.
Pedalei eragiten
Kanpaina hau bigarren jarduera baten bidez –Pedalei eragiten– iritsiko da baita eskualdeko auzoetara ere. Hiru bizikleta, bakoitza bere atoiarekin, kale eta parkeetan barrena ibiliko dira, geldialdiak egingo dituzte eta jolas xume batzuk planteatuko dizkiete oinezkoei. Horrenbestez, informazioa eskainiko zaie kalean dauden edukiontziei buruz eta haietan utzi beharreko hondakinei buruz.
Esku-orri berriemaileak
Era berean, eskualdeko postontzi guztietan banatuko dira egungo lau bilketa ildoei buruzko informazioa emateko esku-orri batzuk: papera eta kartoia (urdina); beira (berdea); ontziak (horia) eta gai organikoak (marroia).
Txingudiko Zerbitzuakek eskualdeko birziklatze tasak hobetzeko xedean bideratzen dituen jardueretatik beste bat da kanpaina berri hau. Txingudiko Zerbitzuakeko gerente Leire Zubiturrek dio “ezinbestekoa dela herritarrei helaraztea zeinen garrantzitsua den etxean hondakinak gaika sailkatzeko eguneroko keinu txiki horiei eustea hondakinen kudeaketa zabala egokiro bideratzeko eta, horrenbestez, iraunkortasuna bermatzeko".
“Une honetan % 41eko birziklatze tasa dugu eskualdean, eta kopuruak hobetu egin dira aurreko urteko datuen aldean”, dio Zubiturrek, “baina asko hobetu dezakegu eta asko hobetu behar dugu. Kanpaina honekin plazara irten nahi dugu herritarren arreta pizteko eta parte hartzera animatzeko”.
Egutegia
Jarduerak burura eramateko xedean aurreikusitako datak adierazten dira jarraian. Eguraldi txarra egiten badu, Irungo (Alcampo eta Mendibil) eta Hondarribiko (Eroski) merkataritza guneetara eramango dira jarduerak:
Eguna | Ekintza | Hiria-Auzoa | Lanaren garapena |
20 | Puxikak | Hondarribia (San Pedro kalea) | 10:30/14:30 |
21 | Trizikloa | Irun (Behobia-Artía) | 16:00/20:00 |
22 | Trizikloa | Irun (Aranibar-Ventas) | 16:00/20:00 |
23 | Trizikloa | Irun (Dunboa-Arbes-Santiago) | 16:00/20:00 |
24 | Trizikloa | Hondarribia (Kosta-Alde Zaharra- Puntal) | 16:00/20:00 |
25 | Puxikak | Irun (Kolon pasealekua) | 16:00/20:00 |
26 | Puxikak | Irun (Kolon pasealekua) | 10:30/14:30 |
27 | Trizikloa | Hondarribia (S.Pedro-Kirol kaia) | 10:30/14:30 |
28 | Trizikloa | Irun (Zentroa) | 16:00/20:00 |
29 | Trizikloa | Irun (Puiana-Anaka, S.Miguel- Anzarán-Pinar) | 16:00/20:00 |
30 | Trizikloa | Irun (Larreaundi-Lapice) | 16:00/20:00 |