Energiaren sorrerari eta kontsumoari dagokienez, bi premisaren arabera jarduten du Txingudiko Zerbitzuak elkarteak:
- Energiarik merkeena, garbiena eta ekologikoena kontsumitzen ez den huraxe da. Horrexegatik da garrantzitsua beti eraginkortasun energetiko handiena eskaintzen duten prozesu eta ekipoen aldeko hautua egitea eta kontsumoan era arduratsu batez jokatzea.
- Eskuduntzen esparrura biltzen diren energia berriztagarriak aprobetxatu behar dira.
Garapen iraunkorra bila badugu, mundu mailan funtsezkoa da udalerriak energiaren arloan gero eta garbiagoak, eraginkorragoak eta autarkikoagoak izatea, eta energia berriztagarriak sortzen laguntzea. Gure eskualdean, izan ere, energia sortzen da iturri berriztagarrien bidez, era eraginkor batez, gutxi gora-behera 3.500 etxetako behar energetikoei erantzuteko adina.
Txingudin hainbat dira gisa honetako instalazioak, berotegi-efektua eragiten duten gasak gutxiago izaten laguntzen dutenak; instalazio hauei esker, beraz, energia eredu iraunkorrago eta solidarioago baterantz hurbiltzen ari dira bidasoatarrak. Instalazio horien artean aipagarri dira energiaren baterako sorkuntzarako aretoa, zentral elektriko txikiak, eguzki- instalazioak eta Atalerrekako hondakin urak arazteko plantan sortzen den biogasaren aprobetxamendua. Badira, gainera, Kyotoko protokoloaren araberako helburuak betetzen laguntzen duten beste errealitate batzuk, esate baterako, edateko ura tratatzeko planta (EUTP), ponpatu behar izan gabe ura grabitatearen bidez depositu nagusietara banatzeko aukera ematen duena, depositu hauek ura kontsumitzeko lekuetatik (etxeak, lantegiak...) gorago egon arren (muinoetan), EUTP beraren kota mailatik beherago baitaude.