Atalerrekako hondakin urak arazteko planta (HUAP)
2003an Atalerrekako HUAP inauguratuta mugarri bat ipini zen eskualdeko hondakin urek hiriko eta landa eremuko ingurumenean, batez ere gainazaleko ur ibilguetan eta itsasbazterrean, eragiten zuten inpaktuan.
18,4 milioi euroko inbertsioarekin HUAP honek segundoko 2.091 litro aurrez tratatzeko (partikula larriak ateratzeko, hareaz garbitzeko eta koipeak kentzeko) gaitasuna du, eta segundoko 660 litro biologikoki tratatzeko gaitasuna, emari ertainarekin; prozesu biologiko baten bidez deuseztatu egiten da uretan disolbatutako materia organikoa. Ondoren lohiak dekantatzen dira, eta gero araztutako ura itsasora isurtzen da 213 m luze den hodiaren bidez.
Era berean, uretatik aterako lohiak Atalerrekako plantan bertan tratatzen dira, eta tratamendu honen ondorioz batetik erregai gisa erabiltzen den produktu lehorra sortzen da, eta bestetik, planta honetan bertan erabiltzen den biogasa sortzen da indar elektriko berriztagarria sortzeko erregai gisa.

Instalazio hau ikurra da eskualdeko hondakin uren saneamenduan. Naturak bidasoatarrei emandako ura ingurumenera ahalik eta egoera onenean itzultzea bermatzen du. Honek guztiak eragin garrantzitsua du eskualdeko biztanleen bizi kalitatean, batez ere jarduera tradizionaletan eta aisialdiko jardueretan, esate baterako, itsaskiak biltzeko, arrantza egiteko, nabigatzeko, ur kirolak egiteko, bainuak hartzeko garaian, eta bistan da Irun eta Hondarribiko paisaiaren kalitatean ere hobekuntza nabaria izan dela.






