Hamar gailuak maiatzetik daude martxan, eta irailean egingo da lortutako emaitzen lehen ebaluazioa
Irun, 2026ko uztailaren 27a. Irungo Udala eta Txingudiko Zerbitzuak-ek joan den maiatzaz geroztik Anaka eta Belaskoenea auzoetako hainbat gunetan instalatutako lurpeko hamar beita kutxaren proba pilotuaren jarraipena egiten ari dira. Jardukera honen helburua hirian ohikotasunez egiten diren arratoiak kontrolatzeko prebentzio lanak indartzea da.
Gailu berriak lur azpian instalatutako altzairuzko beita kutxak dira, karraskarien kontrolerako bereziki diseinatuak. Sarrera puntu ugari dituzte animalien sarbidea errazteko, eta pertsonentzat zein etxeko animalientzat ez dago arriskurik. Gainera, lurpean instalatuta daudenez, ez dute inpakturik sortzen.
Azken hilabeteotan gailuen funtzionamendua egiaztatzen ari da, eta bakoitzean antzematen den jardueraren jarraipena egiten da. Lehen probaldi hau amaitutakoan, irailean Irungo Udalak eta Txingudiko Zerbitzuak-ek lehen balorazioa egingo dute lortutako emaitzen inguruan.
Ebaluazio horretan kontuan hartuko dira bai jasotako datu teknikoak, bai gailuak instalatu diren eremuetako egoeraren pertzepzioa. Espazio publikoaren erabilera handiagoa den tokietan, balorazioa auzotarrek emandako iritziarekin ere kontrastatuko da, hobekuntzarik antzeman den jakiteko eta egon daitezkeen beharrak edo hobetu beharreko alderdiak identifikatzeko.
Cristina Laborda Irungo alkatearen hitzetan, “askotan oso ikusgarriak ez diren jarduerak dira, baina funtsezkoak dira hiria eta gure auzoetako bizi kalitatea egunero zaintzeko. Gailu hauek maiatzetik daude martxan, eta orain dagokiguna da emaitzen jarraipen zorrotza egitea eta haiekin bizi diren pertsonen iritzia entzutea, hurrengo urratsak zein izango diren erabaki aurretik.”
Bestalde, Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuak-eko gerenteak adierazi duenez, “proba pilotu honi esker hainbat hilabetez gailu hauen portaera eta eraginkortasuna ezagutzeko aukera izango dugu. Irailean bildutako datuak aztertuko ditugu, eta Udalak nahiz auzotarrek helarazitako informazioarekin alderatuko ditugu, irtenbide hau hiriko beste gune batzuetara zabaltzea komeni den ala ez baloratzeko”.
Proba pilotu honek Irunen eta Hondarribian urte osoan zehar egiten diren arratoiak kontrolatzeko ohiko kanpainak osatzen ditu. Aldian-aldian prebentzio lanak egiten dira hiriko eremu guztietan. Jarduera horiek urtean bi eta lau aldiz egiten dira, eremu bakoitzaren beharren arabera. Gainera, lan horiek etengabe koordinatzen dira udal zerbitzuekin, jarraipen eta mantentze lan egokiak bermatzeko.
Helburua espazio publikoak hobetzen jarraitzea da, ingurune bakoitzaren ezaugarrietara eta beharretara egokitutako lan planifikatuen bidez.



