Bidasoa Beherea, 2026ko uztailaren 8a. Txingudiko Zerbitzuak-ek, Enpresa Batzordeak eta Greba Batzordeak gaur sinatu dute Greba Amaierako Akordioa. Azken hilabeteotan garatutako negoziazio prozesuari amaiera ematen dion dokumentuak langileen lan-baldintzak hobetzeko neurriak jasotzen ditu, eta aldi berean Irunen eta Hondarribian kalitatezko eta jasangarritasunez kudeatutako zerbitzu publikoak bermatzen ditu. Akordioak, gainera, erakundearen Administrazio Kontseiluaren aho bateko babesa jaso zuen atzo, uztailaren 7an.
Langileen lan-baldintzak hobetzen dituen akordioa
Akordioaren bidez Udalhitz hitzarmenari atxikitzen zaio erakundea; izan ere, hitzarmen horrek Euskal Autonomia Erkidegoko toki administrazioetako langileen lan-baldintzak arautzen ditu. Halaber, Lanpostuen Balorazioa (LB) onartu da. Bi urte baino gehiagoz landutako tresna tekniko horrek lanpostu bakoitzaren eginkizunak eta erantzukizunak modu objektiboan aztertzen ditu, ordainsari egitura erakundearen benetako egoerara egokitzeko. Balorazio horren aplikazioari esker, langilegoaren ia %90aren ordainsariak hobetuko dira, eta, aldi berean, langile bakar bati ere ez zaio soldata murriztuko.
Dokumentuak Produktibitate Osagarria eguneratzen du; alegia, langileek ezarritako helburuak betetzeagatik aitortzen den ordainsari sistema. Sistema hori pixkanaka ezarriko da, eta enpresak nahiz langileen ordezkaritzak partekatuko duten jarraipenaren bidez garatuko da, haren aplikazioa objektiboa izango dela bermatzeko.
Zerbitzuaren beharrei erantzuteko prestatutako antolaketa
Akordioak, halaber, Txingudiko Zerbitzuak-en eguneroko jarduerari lotutako hainbat alderdi arautzen ditu, hala nola guardiak, erretenak, lan txandak, gaueko lana edo zerbitzuaren prestazioari lotutako hainbat osagarri. Neurri horiei esker, erakundearen antolaketa urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan funtsezko zerbitzuak eskaintzen dituen errealitatera egokitzen da.
Gainera, dokumentuak hobekuntzak jasotzen ditu prebentzioaren, laneko segurtasunaren, lanpostu hutsen estalduraren eta aseguru estalduren arloetan ere. Horrela, erakundearen beharrei erantzuteko prestatuta dagoen antolaketa eredua sendotzen da.
Herritarrengan ere pentsatutako akordioa
Txingudiko Zerbitzuak-ek egunero ura hornitzeko, saneamenduko, hondakin bilketako eta kale-garbiketako zerbitzuak eskaintzen dizkiete Irun eta Hondarribiko 80.000 biztanletik gora.
Sektore publikoko erakundea den aldetik, Txingudiko Zerbitzuak-ek Estatuko araudiak ordainsarien arloan ezartzen dituen mugak bete behar ditu, eta, aldi berean, interes orokorra zaintzeko betebeharra dute; horrek baldintzatzen du edozein akordio. Testuinguru horretan, erakundeak lan-baldintzen hobekuntzaren eta zerbitzuaren jasangarritasun ekonomikoaren arteko oreka bermatzea lortu du, eta, ahal den neurrian, herritarrentzako tasen igoera mugatu du.
Bestalde, negoziazio prozesu osoan zehar zerbitzu guztiak eman dira, eta une oro bermatu dira haien jarraitutasuna eta kalitatea. Lortutako akordioari esker, etorkizunean ere berme berberekin eskaintzen jarraitu ahal izango dira, eta datozen urteetarako aurreikusitako hobekuntza proiektuak garatzen segitzeko aukera izango da.
Akordioaren aho bateko onarpenak eta alderdi guztiek sinatu izanak amaiera ematen diote negoziazio etapa bati, eta bidea irekitzen dute erakundea indartzen eta Irun eta Hondarribiko herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitzeko.



