Irun, 2026ko uztailaren 7a. Txingudiko Zerbitzuak-ek balorazio positiboa egin du San Pedro eta San Martzial jaiak direla eta abian jarritako kale garbiketako dispositibo bereziaren inguruan. Zerbitzua indartzearekin batera egindako antolaketa berriak hiriko eremu gehiagotara iristea eta jende gehien bildu den egunetan erantzun eraginkorragoa ematea ahalbidetu du.
Aurten dispositiboa 130 lanaldi berezirekin indartu da, iaz izan ziren 96en aldean. Lanaren antolaketa brigada txikiagoetan antolatzeak goizeko txandan hiriko gune gehiagotara heltzea ahalbidetu du. Jardun handieneko egunetan, zerbitzua 33 langile gehiagorekin indartu zen. Erakundeak egindako balorazioaren arabera, antolaketa horri esker baliabideak hobeto optimizatu dira eta dispositiboaren emaitzak nabarmen hobetu dira.
Gaikako bilketa gehiago eta errefus gutxiago
Jaietan guztira 976.220 kilo hondakin bildu ziren, iazko kopurua baino zertxobait txikiagoa. Aldaketa esanguratsuena materia organikoaren, paperaren eta ontzien bilketaren hazkundean antzeman da; aldi berean, errefusak beherakada izan du.
Zehazki, materia organikoaren bilketa 111.600 kilotik 118.780 kilora igo da; paperarena 95.420 kilotik 114.060 kilora, eta ontziena 65.920 kilotik 70.220 kilora. Bestalde, errefus frakzioa iaz baino 38.000 kilo baino gehiago murriztu da.
Hiriko hainbat gunetan edukiontzi gehiago jartzeak eta bilketa maiztasuna handitzeak ere edukiontzien kanpoaldean pilatutako hondakinen kopurua murrizten lagundu dute.
21.900 edalontzi berrerabilgarri baino gehiago
Jaietan 21.936 edalontzi berrerabilgarri banatu ziren Urdanibia plazako sei txosnen artean, erabilera bakarreko plastikoen kontsumoa murrizteko helburuarekin. Hala ere, egindako ikuskapenetan hiru txosnak erabilera bakarreko edalontziak erabiltzen ari zirela atzeman da; ondorioz, hurrengo jaietan alderdi hori hobetzen jarraituko da.
Herritarren abisu gutxiago
Dispositiboaren beste adierazle positiboetako bat jaietan jasotako herritarren abisuen beherakada izan da. Ekainaren 16tik uztailaren 2ra bitartean 106 abisu erregistratu dira; iaz, epe berean, 206 izan ziren.
Beste urte batez, Txingudiko Zerbitzuak-ek beren ekarpena egin du San Pedro eta San Martzial jaiak ospakizunez gozatu nahi duten guztientzat gune garbi eta atsegina izan daitezen.



