Tarifa egitura berriak uraren erabilera eraginkorra saritzen du, eta prezioak kontsumo-ohituretara eta familia testuinguru ezberdinetara egokitzen dira.
Bidasoa Beherea, 2025eko urriaren 16a. Txingudiko Zerbitzuak Mankomunitatearen Batzarrak 2026rako uraren eta hondakinen tarifak onartu ditu, eta berrikuntza nagusi bat nabarmendu da: uraren zatikako fakturazioa ezartzea.
Orain arte, kontsumitutako metro kubiko guztiak prezio berean ordaintzen ziren.
Hurrengo urtetik aurrera, ordea, etxebizitza bakoitzaren kontsumoaren arabera aldatuko da zenbatekoa: kontsumo eraginkorrentzat prezio txikiagoak izango dira, eta kontsumo handiegientzat, handiagoak. Sistema berri honek kostua kontsumo-ohituretara egokitzea ahalbidetuko du, uraren erabilera arduratsua sustatuz eta eskualdeko ingurumen-jasangarritasunean lagunduz.
“Gaur egun, jasangarritasuna eta baliabideen erabilera arduratsua ezinbestekoak dira.
Tarifa-ereduaren aldaketa honek aukera ematen digu sistema bidezkoago batera aurrera egiteko, non gehien kontsumitzen duenak kostu handiagoa bere gain hartuko duen, eta ura hobeto kudeatzen duenak, berriz, onura izango duen”, azpimarratu du Cristina Labordak, Mankomunitateko presidente eta Irungo alkateak.
Kontsumoaren hiru maila, prezioaren hiru tarte
Eredu berriak hileko kontsumoaren hiru tarte ezartzen ditu, bai etxeko kontsumoetan bai ez-etxekoetan ere:
· Lehen tartea erabilera eraginkorrenetarako.
· Bigarren tartea ohiko kontsumoetarako.
· Hirugarren tartea kontsumo handienetarako.
Egindako azken ikerketa baten arabera, Bidasoa Behereako etxebizitzen batez besteko tamaina hiru pertsonatik beherakoa da. Profil hori oinarri hartuta, eta pertsona eta eguneko 90 litroko ur-kontsumo eraginkorra kontuan izanik, tarifen egitura berriak eragin txikia izango du.
Kasu honetan, hilean gehienez 0,66 euroko igoera ekarriko du uraren fakturan, kontsumo arduratsua mantenduz lehen tartearen barruan.
Bestalde, ez-etxeko erabiltzaile gehienentzat, hileko batez besteko kontsumoa 20 m³-tik beherakoa izanik, eragina ere neurrizkoa izango da: hileko 1,36 euro gehiago 15 mm-ra arteko kontagailua duten kasuetan.
Aldaketak ez du eragin handirik izango ohiko edo kontsumo arduratsua duten etxebizitzetan, baina uraren erabilera eraginkorra egiten dutenen eta gehiegi kontsumitzen dutenen artean bereizketa argia ezarriko du.
Beste modu batean esanda: ura gehiago kontsumitzen duenak gehiago ordainduko du, eta ura zaintzen duenak onura handiagoa izango du.
Gainera, 13 eta 15 milimetroko kalibreko tarifak bateratuko dira, 15 mm-rainoko kontagailuentzat prezio bakarra ezarriz, eta hiru tarifa-modalitate berri sortuko dira:
· Familia ugarientzako tarifa
· Etxeko tarifa berezia (ur-kontagailu partekatuak dituzten instalazioetarako, hala nola galdarak, komunitateak edo aerotermia sistemak)
· Nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorerako tarifa, etxeko erabiltzaileen baldintzak aplikatuz
Hiru tarifa berri hauek dagoeneko bazegoen tarifa sozialari gehitu dira, zeinak tarifa arruntarekiko %50eko beherapena mantentzen duen.
Entitateko gerentea den Leire Zubiturrek neurriaren izaera pedagogikoa azpimarratu du:
“Zatikako fakturazioarekin, etxe bakoitzak bere kontsumoaren benetako eragina ikusiko du fakturan. Horrela, eraginkortasuna sustatu eta hain baliotsua den baliabide natural hau, ura, zaintzen laguntzen dugu.”
Eredu bidezkoagoa, iraunkorragoa eta azpiegituretan inbertitzen duena
Zatikako fakturazioaren bidez, kontsumo arduratsua sustatu nahi da, kontsumo handienetan prezio handiagoak ezarriz, eta, era berean, eraginkortasuna bultzatu, ura modu neurtuan erabiltzen dutenak sarituz.
Horrez gain, eredu berriak etxebizitza bakoitzaren ahalmen ekonomikoari egokitutako kostua ahalbidetzen du, kontsumo txikiagoak dituztenentzat tarifa merkeagoak eskainiz, eta ingurumenaren jasangarritasunean laguntzen du, uraren kontsumo globala murriztuz eta ziklo hidrikoaren oreka mantenduz.
Familia testuinguruak ere kontuan hartuko dira, eta tarteen mugak zabalduko dira familia ugarientzako edo ura modu iraunkorrean kudeatzen duten behar bereziak dituzten etxebizitzetan.
Igor Enparanek, Mankomunitateko presidenteorde eta Hondarribiko alkateak, honakoa adierazi du: “Ordenantza berria zerbitzuaren benetako kostuak estaltzeko kalkulatu da, karga gehigarririk gehitu gabe. Helburua da sistemaren iraunkortasun ekonomikoa babestea eta ingurumen-balioak aurrera jarrai dezaten bermatzea, zerbitzuaren kalitatea arriskuan jarri gabe.”
Era berean, eredu berriak Mankomunitatearen inbertsio-gaitasuna mantentzea eta Bidasoa Behereako ur-kudeaketak dakartzan erronkei aurre egitea ahalbidetuko du.
Erronka horien artean nabarmentzen dira dauden azpiegituren berritzea —hodi zaharrak ordezkatuz, biltegiak birgaituz eta banaketa- zein estolderia-sareak modernizatuz—, baita Atalerrekako araztegia egokitzea ere, Ur Hondakinen Zuzentarau Europarraren eskakizun berrietara egokitzeko helburuarekin.
Halaber, azpiegitura hidrauliko berriak bultzatuko dira klima-aldaketaren ondorioak arintzeko, hala nola ekaitz-deposituak edo ur-atxikipeneko biltegiak Irun eta Hondarribiko hainbat puntutan. Horrez gain, hiri-drainatze iraunkorreko jarduerak eta sare bereiziak ezartzeko lanak aurreikusten dira, uholde-arriskua murrizteko eta uraren kalitatea hobetzeko helburuarekin.
2026an zehar, auzo eta gune ezberdinetan obrak gauzatuko dira, besteak beste, Irun eta Hondarribiko sareen berritzea, Olaberriako landa-eremuko hornidura eta Endarako urtegiaren etxetxoaren berrikuntza, Lesakan.
Mankomunitateko presidenteorde Igor Enparanen hitzetan,
“inbertsio hauek funtsezkoak dira ur-hornidura eta estolderia baldintza egokietan bermatzeko. Azpiegitura oinarrizkoak berritzen ari gara, eta horrek, zerbitzuaren kalitatea hobetzeaz gain, klima-aldaketaren ondorioei eta araudi europarren eskakizunei aurre egiteko prest jartzen gaitu.”
Cristina Labordak gehitu duenez, “iraunkortasunaren aldeko apustua inbertsioan ere islatzen da. Ez gara soilik tarifak egokitzeari buruz ari, baizik eta Bidasoako ur-sareak eta sistemak etorkizunerako prestatuta egon daitezen bermatzeari buruz.”
Hondakinen ordenantza berriaren behin betiko onarpena
Hainbat eragileren lankidetzarekin gauzatu den prozesu parte-hartzaile baten ondoren, Txingudiko Zerbitzu Mankomunitateak hondakinen ordenantza berria behin betiko onartu du. Testua 2024ko abenduan onartu zen hasiera batean, eta aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta argitalpenetik hamabost egunera indarrean jarriko da.
Ordenantza berriak kudeaketa eraginkorrago eta birziklapenarekin konprometituago bat bultzatzea du helburu, eta 2030 Agendan jasotako ekonomia zirkularraren printzipioak txertatzea, ingurumen-erronka berriei egokitutako lurralde jasangarriago eta koherenteago baten alde egiteko
Hondakinen politikan jarraitzea: birziklatzen dutenak saritzea
Hondakinen arloan, Txingudiko Zerbitzuak-ek konpromisoa mantentzen du tarifa bereiziekin, materia organikoaren gaikako bilketa sustatzen jarraitzeko eta bertan aktiboki parte hartzen duten familiei saria emateko.
2025eko irailean, Mankomunitateak 35.970 abonatu ditu. Horietatik 23.065 (% 64,12) edukiontzi marroian inskribatuta daude, eta 17.471 pertsonak erabiltzen dute benetan; hau da, abonatuen % 75,75ek eta harpidedun guztien ia erdiak.
2026ra begira, familia jasangarrientzako tasak % 2,5 igotzea onartu da, eta horrek urtean 4 euro baino gutxiagoko igoera ekarriko du. Materia organikoa bereizten ez duten etxebizitzen kasuan, igoera % 3koa izango da. Hala, urteko tarifak 151,60 eurokoak izango dira materia organikoa bereizten duten etxeentzat, eta 281,14 eurokoak materia organikoa bereizten ez dutenentzat.
Bi kasuen arteko aldea nabarmena da oraindik: familia jasangarriek ia 130 euro aurrezten dituzte urtean, bereizten ez dituztenekin alderatuta. Politika bereizi horri esker, edukiontzi marroiaren erabilera sustatzen jarrai daiteke. Tresna hori beharrezkoa da 2030ean % 70eko birziklatze-helburua lortzeko.
"Ekonomia zirkular baterantz aurrera egitea eta sortzen ditugun hondakinak murriztea funtsezko urratsak dira lurraldearen ingurumen konpromisoak betetzeko", adierazi du Labordak. "Bidasoako herritarrak ondo erantzuten ari dira, baina oraindik ere badugu aukera birziklatzearen kultura hobetzeko eta indartzen jarraitzeko."
Tarifen doikuntza, batez ere, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak kudeatzen duen errefusaren tratamenduari lotutako kostuen igoerari dagokio. Errausketaren gaineko zerga berriaz gain.
"Hondakinak kudeatzeko ahalegina bateratua da Irun eta Hondarribia artean. Eguneratze horiek bermatzen dute bi udalerriek kalitatezko zerbitzu jasangarria izatea, ingurumen-eskakizun berrietara egokitua”, azpimarratu du Igor Enparanek.
Bestalde, etxeko tarifa ez duten abonatuentzako tasaren igoera % 3koa izango da; sortzaile handiei eta Garbiguneari aplikatutako tarifak, berriz, modu aldakorrean doituko dira, frakzio bakoitzaren kudeaketa-kostuen arabera.
"Baliabide gutxien dituzten etxeetarako gizarte-laguntzek aktibo jarraituko dute. Horrela, baldintzak betetzen dituzten pertsonei tarifa murriztua aplikatuko zaie uraren eta zaborren ordainagirian, hau da, % 50eko murrizketa tarifa arruntarekiko ", gogorarazi du Leire Zubiturrek.
Neurri horiekin, Txingudiko Zerbitzu Mankomunitateak iraunkortasunaren eta eraginkortasunaren balioekin eta erantzukizun partekatuarekin dituen konpromisoak indartzen jarraitu nahi du, pertsonak eta Bidasoako ingurune naturala zaintzen dituen kudeaketa-eredu baterantz aurrera eginez.



