Hondarribia, 2025eko irailaren 4a. Irailaren 6tik 11ra bitartean ospatuko diren Guadalupeko Ama Birjinaren jaiak direla eta, Txingudiko Zerbitzuak-ek, Hondarribiko Udalarekin elkarlanean, hiri-garbiketarako eta hondakinen bilketarako dispositibo berezia aktibatu du. Operatiboa abuztuaren 31n jarri zen martxan, eta jaiak amaitu arte luzatuko da.
Planak giza baliabide eta baliabide teknikoen indartze esanguratsua aurreikusten du, 120 lanaldi gehigarrirekin. Dispositiboaren inbertsio ekonomiko gehigarria 22.104 eurokoa izango da, hau da, ohiko zerbitzuaren kostua baino % 80 handiagoa.
"Ahalegin honek hiriarekin dugun konpromisoa islatzen du, jende asko izaten den egun berezi hauetan” azpimarratu du Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuetako gerenteak. “Kaleak eta espazio publikoak baldintza ezin hobeetan mantentzea bermatu nahi dugu, herritar guztiek goza dezaten".
Bestalde, Valentín Gonzalez hondakinen eta kale-garbiketaren arduradunak nabarmendu duenez, "aurten jende pilaketa handienak izango diren uneetan erantzun arin eta eraginkorra bermatzeko ahalegina egin da. Horretarako, txandak indartu ditugu, bitarteko gehiago jarri ditugu eta plan malgua prestatu dugu, kaleak beti baldintza onenetan mantentzeko".
Birziklatze-guneak
Aurten 17 birziklatze-gune jarri dira jende gehien biltzen den espazioetan, hondakinen bereizketa selektiboa errazteko helburuarekin: 4 Butroe pasealekuan, 4 San Pedro kalean, 2 Arma plazan, 1 Kasino Zaharrean, 2 azoka-barrutian, 2 zezen-plazan eta 2 Jostaldin.
Gainera, txosnek 120Lko edukiontziak izango dituzte hondakin organiko, ontzi-arin eta beirarako. Era berean, kanpoaldean, igluak eta edukiera handiko ontziak ere jarri dira, txosna guztiek parteka ditzaten. Materia organikoa egunero bilduko da.
Bentako sei txosnetan 15.600 edalontzi berrerabilgarri banatuko dira (2.600 edalontzi bakoitzean). Sistemak aurreko urteetako dinamika mantenduko du: edalontzia euro baten truke eskuratu ahal izango da eta itzultzean gordailua berreskuratuko da. “Helburua plastiko hondakinak gutxitzea eta ohitura jasangarriagoak sustatzea da”, azpimarratu du Zubiturrek.
Txingudiko Zerbitzuak-ek zein Hondarribiko Udalak gogorarazi dute dispositiboaren arrakasta, hein handi batean, herritarren jarreraren mende dagoela. “Keinu txiki bakoitzak badu eragina: hondakinak behar bezala birziklatzea eta erabilera bakarreko materialak saihestea ezinbestekoa da jai garbiak eta atseginak izateko”, nabarmendu du Gonzalezek.
Ildo beretik, Ortzi Alonso Kultura zinegotziak honako hau azpimarratu nahi izan du: “Jaiak bizitzeko eta gozatzeko gonbita luzatzen diegu herritarrei, baina gogorarazi nahi dugu gozamen hori bateragarria dela gure hiriarekiko eta ingurunearekiko errespetuarekin. Gure jaien oinarria errespetua da: errespetua pertsonekiko, gure kale zein inguruarekiko, etab. Jasangarritasuna egunerokoaren parte da, baita ospakizunetan ere. Aurtengo leloak ondo dio: gure jaiak zaintzea ospatzea ere bada.”



