Irun, 2025eko uztailaren 4a. Txingudiko Zerbitzuak-ek positibotzat jo du San Pedro eta San Martzial jaietan kaleen garbiketa eta hondakinen bilketa bermatzeko zabaldu den dispositibo berezia. Jardueraren hazkundeari erantzun ahal iza zaio, brigadak modu eraginkorragoan berrantolatu eta giza zein baliabide materialak indartu direlako; era berean, hiriko eremu gehiagotan lan egin da aldi berean.
Jaietan 984.250 kilo hondakin bildu dira guztira, hau da, aurreko urtean baino % 13 gehiago. Organikoa eta errefuxa izan dira gehien hazi direnak, % 26 eta % 13ko hazkundeekin hurrenez hurren. Hazkunde hori behar bezala kudeatzeko, edukiontziak indartu dira egunero gune estrategikoetan, eta bilketaren maiztasuna handitu da. Ondorioz, hondakin gutxiago pilatu da edukiontzietatik kanpo, eta unean uneko beharrei erantzun arinagoa eman ahal izan zaie.
Estaldura handiagoa, koordinazio hobea eta erantzun arinagoa
Ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean, garbiketa indartu egin zen, brigada txikiago eta koordinatuagoekin. Horri esker, eremu gehiagotan jardun ahal izan zen eraginkortasun handiagoz.
Ekitaldi jendetsuei dagokienez, hondakinen bereizketan aurrerapenak antzeman dira, batez ere adinekoen bazkarian eta txoznen inguruko espazioetan, non edukiontzi bereizien erabilera egokia egin den, oro har. Hala ere, puntu batzuetan gaikako bilketaren erabileran hobekuntza-tartea dago oraindik. Gainera, 17.500 edalontzi birziklagarri baino gehiago banatu dira plastikoaren erabilera murrizteko, eta neurria sendotzen jarraituko da hurrengo urteetan ere.
Detektatutako gorabehera nagusien artean, nabarmentzekoa da kaleetan beirazko botila hautsien kopurua handitu izana, eta garbiketa-lanak egiteko izandako zailtasunak, bereziki jende pilaketa handia zegoen orduetan.
Azkenik, Txingudiko Zerbitzuek-etik eskerrak eman nahi dizkiete bai herritarrei bai langile teknikoei jaietan zehar egindako lankidetzagatik, eta 2026ari begira hobekuntzak txertatzeko lanean ari direla jakinarazi dute.