Irun, 2025eko maiatzaren 27a. Ekainaren 6tik 8ra egingo da Bioterra azoka Ficoban, eta, urtero bezala, jasangarritasuna izango du ardatz; produktu ekologikoak, bioeraikuntza, energia berriztagarriak eta kontsumo arduratsua jarriko dira erdigunean. Txingudiko Zerbitzuak ere bertan izango da beste behin, bigarren eskuko bizikleten Merka2dasoa azokarekin, berrerabilpena, mugikortasun iraunkorra eta ekonomia zirkularra sustatzeko helburuarekin.
Bizikleta-bilketa dagoeneko martxan da, eta azoka hasi arte luzatuko da. Helburua merkatuaren kudeaketa erraztea eta ekitaldiaren lehen egunetik erosleei aukera zabala bermatzea da.
"Etxe askotan daude egoera onean dauden baina erabiltzen ez dituzten bizikletak. Merka2dasoa aukera paregabea da bizikleta horiei guztiei bigarren erabilera bat emateko eta garraio-eredu jasangarriago bat sustatzeko", azaldu du Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuetako gerenteak.
Parte hartzeko moduak:
Bizikleta saldu nahi duten herritarrek hiru bide dituzte parte hartzeko:
- Online erregistroa, txinzer.eus webgunean eskuragarri dagoen formularioa betez. Behin izena emanda, bizikleta Ficoban entregatu beharko da ekainaren 2, 3, 4, 5 edo 6an, 9:00etatik 14:00etara.
- Aurrez aurreko erregistroa. Egun eta ordutegi berean Ficoban bertan egin daiteke erregistroa, bizikleta entregatzeko unean.
- Azokak irauten duen bitartean, ekainaren 6tik 8ra, bizikletak entregatu eta erregistratzeko aukera izango da Ficoban.
Baldintzak:
- Bizikletak soilik onartuko dira.
- Ez da onartuko patinete elektrikorik edo osagarririk.
- Gehieneko salmenta-prezioa 500 €-koa izango da.
Merka2dasoa Bioterra 2025 azoka-programaren parte da. Azokak doako sarrera izango du, eta urtero bezala kontsumo arduratsuarekin eta ingurumen-jasangarritasunarekin lotutako ekimenen topagune bihurtuko da.



