Bidasoa Beherea, 2025eko apirilak 2. Txingudiko Zerbitzuak-ek urrats garrantzitsua eman du jasangarritasunaren bidean, Errandoneako ur-biltegian bi mikroturbina hidrauliko instalatuta. Sistema horrek energia berriztagarria sortzeko aukera emango du, ur-fluxuak deposituaren sarreran duen presioa aprobetxatuz, sare elektrikoarekiko mendekotasuna murriztuz eta energia-kontsumoa optimizatuz. Karbono-aztarna gutxitzeaz gain, berrikuntza horrek ustiapen-kostuak kontrolpean mantentzen ere lagunduko du, Irungo eta Hondarribiko herritarren onurarako. Jarduketa hau Errandoneako depositua eraberritzeko lanen baitan dago, eta bat dator Jasangarritasun eta Eraginkortasun Energetikoko helburu estrategikoekin, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak sustatutako PERTE proiektuaren barruan.
Energia berriztagarria, hornidura eraginkorrago baterako
Mikroturbina bakoitzak 9 kW-ko energia sortuko du, guztira 18 kW-ko potentzia gaitasuna emango dutelarik. Elordiko ETAPetik Errandoneako depositurainoko ibilbidean dagoen desnibel naturalari esker, deposituko sarrerako uraren presioa elektrizitate bihurtuko da. “Sistema horrek energia ekoizpen egonkorra bermatzen du, baita aurreikusteko modukoa ere. Izan ere, hornidura sareko ur fluxuaren mende dago soil-soilik”, azaldu du Samuel Vazquezek, Txingudiko Zerbitzuetako Instalazioen Ustiapen eta Mantentze Lanetako arduradunak.
Sortutako energia biltegiaren beraren autokontsumorako erabiliko da batez ere. Behar baino gehiago izanez gero, soberako energia sare orokorrean injektatu ahal izango dira, ohiko kontsumo elektrikoa murrizten lagunduz.
Herritarrentzako onura zuzena
Mikroturbinen instalazioa aurrerapen teknologikoa eta ingurumenaren aldeko ekimena izateaz gain, eragin positiboa izango du Irungo eta Hondarribiko etxebizitzetan ere. Energia berriztagarria sortzeak azpiegituraren kontsumo elektrikoa murriztuko du, eta horrek sare konbentzionalarekiko mendekotasun txikiagoa eta Txingudiko Zerbitzuentzat aurrezpen ekonomiko esanguratsua ekarriko ditu. "Aurrezpen horrek ustiapen-kostuak kontrolatzeko eta ur-tarifak egonkortzeko aukera emango du", nabarmendu du Leire Zubitur gerenteak. “Gainera, depositua osorik berritzeak hornidura eraginkorragoa eta seguruagoa bermatuko du, egon daitezkeen ihesak eta etenak minimizatuz eta eskualdeko bizilagunek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatea hobetuz.”
Cristina Laborda Mankomunitateko lehendakariak inbertsio horiek herritarren ongizatean duten garrantzia azpimarratu du: “Jasangarritasunaren aldeko apustu honekin, ingurumena zaintzeaz gain, zerbitzu publiko eraginkorragoa eta ekonomikoagoa ere ziurtatzen dugu. Horrelako ekimenek aukera ematen digute baliabideen kudeaketa arduratsu baterantz aurrera egiteko, herritarrek ura baldintza onenetan eta kostu ekonomiko txikiagoarekin eskuratzeko aukera bermatuz. ”
Jasangarritasunaren aldeko etengabeko apustua
Txingudiko Zerbitzuak-ek urteak daramatza bere burua hornitzeko energia berriztagarria ekoizten. "2019an, lehen mikroturbina instalatu genuen Iparragirre Beheko deposituan, kontsumo elektrikoa murrizteko eta ur-baliabideak hobeto aprobetxatzeko duen ahalmena erakutsiz. Orain, urrats bat gehiago ematen dugu autosufizientzia energetikorantz", azaldu du Zubiturrek.
Txinzerren kontsumo energetiko handiak funtsezkoa egiten du energia berriztagarria ekoiztea. 2024an, erakundeak 4.410 MWh energia berriztagarri sortu zuen guztira, eta horietatik 1.260 MWh autokontsumorako izan ziren. 3.146 MWh sare orokorrera esportatu ziren, eskari osoaren zati bat konpentsatuta.
Erakundeak jasangarritasunaren alde egindako apustua azpimarratu du Cristina Labordak: "Aurrerapen horiek aukera ematen digute etorkizun eraginkorragoa eta ingurumenarekiko errespetuzkoagoa eraikitzeko. Zerbitzu publikoen kalitatean eta Irun eta Hondarribiko herritarren ongizatean eragin zuzena duen inbertsioa da. Larrialdi klimatikoko testuinguru batean, energia garbien alde egitea ez da soilik erabaki estrategiko bat, ezinbesteko erantzukizuna baizkik. Aldaketa hauekin, gure hiriak trantsizio energetikoarekin duten konpromisoa indartzen dugu, eta beste urrats bat ematen dugu baliabide naturalen kudeaketa jasangarrian. Hau da jarraitu beharreko bidea: azpiegitura erresilienteak, eraginkorrak eta egungo eta etorkizuneko ingurumen erronkekin lerrokatuak. "
Bestalde, Mankomunitateko lehendakariorde Igor Enparanek berrikuntzaren eragina balioetsi du: "Errandonea puntu estrategikoa da gure hornidura sarean, eta depositua berreraikitzeak hobekuntza nabarmena dakar gure etxeetarako horniduraren segurtasunean eta fidagarritasunean. Baina proiektu hau haratago doa, mikroturbinei esker gure baliabide naturalak modu adimentsuan aprobetxatuko baititugu, energia garbia sortuz. Teknologia berdean egindako inbertsioak funtsezkoak dira etorkizunari aurre egiteko, eta jarduera hori energia modu eraginkor eta arduratsuan sortzeko moduaren adibide argia da. Obra bakoitzarekin, proiektu bakoitzarekin, Mankomunitatea urratsak ematen ari da eredu energetiko autonomoago eta jasangarriago baterantz, eta konpromiso hori partekatzen dugu bai Irunen, bai Hondarribian, herritar guztien mesedetan. "
Errandoneako biltegiaren berreraikuntza
Mikroturbinak Errandoneako biltegiaren berreraikuntza-proiektuaren barruan instalatu dira. 2024ko uztailean hasitako obrek 70eko hamarkadako egitura zaharra eraistea eta hormigoi armatuzko biltegi berri bat eraikitzea ekarri dute, 4.500 m³ -ko edukierarekin.
Proiektuak bi milioi eurotik gorako inbertsioa izan du, eta balbulak modernizatu, kontrol sistemak hobetu eta ur fluxuak optimizatuko ditu, galerak murrizteko. "Depositua berritzeak batez ere Hondarribiko edateko uraren hornidura optimizatzea ahalbidetuko du, emarien erregulazioa hobetuz eta zerbitzu seguru eta jasangarriagoa bermatuz", nabarmendu du Zubiturrek.