Nabigatzeko laguntzak

Hizkuntza aukeratzeko menua
Facebook Twitteryoutube

Kontaktua
Jendeari harrera egiteko bul.: Irun (soilik aurretiko hitzorduarekin)
Junkal kalea, 26 behea (8:30 - 14:00).

Hondarribia
Javier Ugarte Kalea, 6 (8:30 - 14:00).
Harrera bezeroei
Kontsultak eta iradokizunak
Logotipo de Txingudiko Zerbitzuak

Web orriaren edukia
  • Hasiera
 

Txingudiko Zerbitzuak-ek 9.350 ur-kontagailu berrituko ditu, herritarrak erdigunean jarriz zerbitzu eraginkorragoa eta jasangarriagoa eskaintzeko

 Irun, 2025eko martxoaren 3a. Irungo eta Hondarribiko uraren teleirakurketa-sistemaren berritzeak kudeaketa eraginkorrago eta jasangarriagoa ahalbidetuko du, eta milaka etxebizitzari onura ekarriko die neurketa zehatzagoari eta ihesak goiz detektatzeko gaitasunari esker. Next Generation-EU Funtsek finantzatuta, Txingudiko Zerbitzuak 9.350 ur-kontagailu ordezkatzen ari da, teknologia aurreratua duten gailuekin, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) baitan.

Teleirakurketaren berrikuntzak aurrerapauso handia dakar hiri-uraren zikloaren digitalizazioan eta optimizazioan. Ekimen hau TXINGUDI DATA DRIVEN BAY (TD2B) Proiektu Estrategikoaren barruan kokatzen da, Lurralde Txikietako Hiri-Uraren Zikloaren Digitalizazioa sustatzeko helburuarekin. Proiektuari buruzko informazio osoa www.td2b.txinzer.eus webgune berrian dago eskuragarri.

Berrikuntza honi esker, gailuen konektibitatea hobetuko da, eta datuak denbora errealean bildu eta aztertzeko aukera emango du. Horrek ur-baliabideen kudeaketa eraginkorragoa eta jasangarriagoa sustatuko du, baliabideen erabilera optimizatuz eta herritarren arreta-zerbitzua hobetuz.

TD2B proiektuaren modernizazio-ekintzaren balioa 1.092.199 eurokoa da, eta horietatik 797.199 euro (%73) diruz lagunduko da. Gainera, ekimen honek konektibitate-zerbitzu bat beharko du 12 urtez irakurketak bidaltzeko, eta horrek 296.301,50 euroko kostu gehigarria izango du.

Sistemaren ezarpena kontratua sinatu ondorengo 8 hilabetetan egingo da, eta honako egutegia jarraituko du: kontagailuen %35 lau hilabetetan instalatuko da, %70 sei hilabetetan eta zortzi hilabeteko epean kontagailu guztiak ordeztuta izango dira.

Punta-puntako teknologia, zerbitzu eraginkorrago baterako

Azken 15 urteetan, Txingudiko Zerbitzuak hiri-uraren zikloaren digitalizazioaren aldeko apustua egiten ari da, neurketa aurreratuaren eta ur-baliabideen kudeaketa adimendunaren bidez. Helburua argia da: baliabideen erabilera optimizatzea eta herritarrei arreta hobea eskaintzea. Teleirakurketaren sistema berritzeak konpromiso hori indartzen du, gailuen konektibitatea hobetuz, zerbitzuaren kudeaketa optimizatuz eta denbora errealeko datu zehatzagoak eskainiz.

Informazio horri esker, analisi sakonagoak egin ahal izango dira, ur-sareko galerak hobeto kontrolatzeko, mantentze- eta eragiketa-kostuak murrizteko eta sarean sartzen den uraren eta benetan kontsumitzen denaren arteko erlazioa zehaztasun handiagoz ebaluatzeko. Horrez gain, ura banatzeko sarearen berritze-inbertsioen plangintza hobetuko da, baita gorabeherei erantzuteko gaitasuna ere.

“Teleirakurketaren sistema duela urte batzuk ezarri genuen: 2009an instalatu genituen lehen unitateak Irunen, eta 2015ean Hondarribian. Orain, sistema modernizatzen ari gara, komunikazio-teknologia aurreratuagoekin eta datu gehiago jaso eta transmititzeko gai diren ekipo zehatzagoekin”, adierazi du Leire Zubitur gerenteak. “Denbora errealeko informazioari eta adimen artifizialaren erabilerari esker, etxebizitzetan edo industrietan ihesak eta kontsumo anomaloak azkarrago detektatzeaz gain, sareko ihesak antzemateko ere baliatuko ditugu datuak, ur-baliabideen kudeaketa eraginkortasuna hobetuz”, gaineratu du. “Horrez gain, herritarrek orain arte bezala online sarbidea izango dute beren kontsumoen informaziora, baina orain analitika aurreratuagoarekin”, nabarmendu du Zubiturrek.

Kontagailu berriek LPWAN teknologia darabilte, Narrow Band IoT (NB-IoT) sisteman oinarritua, estaldura hobea eta energia-kontsumo txikiagoa bermatzeko. Modulu bakoitzak SIM txartel integratua du eta 5G bidez komunikatzen da, irakurketa-aldiak beharretara egokitzeko aukera emanez. Gailu horien bateriaren iraupena gutxienez 12 urtekoa da.

Gainera, urrunetik konfiguratzeko gaitasuna dutenez, kontagailuek datuak transmititzeko maiztasuna egokitu daiteke: eguneroko, orduko edo, behar izanez gero, minutuko irakurketak egin daitezke, kontsumoaren kontrol zehatza bermatzeko. Gaitasun horrek zerbitzuaren eraginkortasuna hobetzeko aukera berriak zabaltzen ditu, baita gorabeherak berehala detektatzeko aukera ere.

Eragina eta onurak

Teleirakurketako kontagailu berriek ur-kontsumoaren kontrol zehatzagoa ahalbidetzeaz gain, gardentasuna eta erabiltzaileen esperientzia ere hobetuko dituzte. Herritarrek edonoiz izango dute beren kontsumo-datuak eskuratzeko aukera Abonatuaren Atariaren bidez, uraren erabilera arduratsua sustatuz. Onura nagusien artean honako hauek nabarmentzen dira:

     Hiri-uraren zikloaren kudeaketa eraginkorragoa, prozesuen digitalizazioari eta automatizazioari esker.

     Etxe eta enpresetako kontsumoaren optimizazioa, ur-galera eta baliabideen alferrikako erabilera murriztuz.

     Ihesak eta kontsumo anomaloak goiz detektatzea, datuen analisi aurreratuaren bidez.

     Gardentasun handiagoa eta herritarren kontsumo-kontrol errazagoa, kontsumo-datuetarako sarbide digital sinpleari esker.

     Ingurumen-inpaktu positiboa, energia-kontsumoa murriztuz eta eragiketa-kostuak minimizatuz.

Leire Zubitur gerenteak eguneratze honen garrantzia azpimarratu du: “Berrikuntza honek urrats esanguratsua dakar hiri-uraren zikloaren digitalizazioan, baliabideen eraginkortasuna eta jasangarritasuna hobetuz. Inbertsio honekin, zerbitzu zehatzago eta irisgarriago bat eskaintzeko apustua egiten jarraitzen dugu. Proiektu honek uraren kudeaketaren abangoardian kokatzen gaitu, digitalizazio eta eraginkortasun estandar europarrekin bat eginez”.

Bestalde, Irungo alkate Cristina Labordak adierazi duenez, “proiektu honek aurrerapauso berri bat dakar zerbitzu publikoen eraldaketa digitalean, horniduraren kalitatea hobetuz eta ur-kontsumoa optimizatuz”. Gainera, azpimarratu duenez, “Mankomunitateak proiektu berritzaileak bultzatzen jarraitzen du, Irun eta Hondarribia kudeaketa adimendunaren erreferente bihurtuz. Aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan funtsezko elementua da hau. Berrikuntza eta jasangarritasunaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, etorkizuneko belaunaldientzako zerbitzu moderno eta eraginkorra bermatzeko”, azpimarratu nahi izan du Labordak.

Mankomunitateko lehendakariak modernizazio honek herritarrengan duen zuzeneko eragina ere nabarmendu du: “Datuen azterketa aurreratuak epe luzerako kostuak murriztea ekar lezake, eta horrek etorkizunean tarifa doituagoak eskaintzea ahalbidetuko luke”.

Igor Enparan Hondarribiko alkateak ere bizilagunentzat dakarren hobekuntzan egin du azpimarra: “Teleirakurketako teknologia berriak hiri-uraren zikloaren hornidura modu eraginkorragoan kudeatzeko, gorabeherak goiz detektatzeko eta zerbitzu jasangarriagoa bermatzeko aukera emango digu. Mankomunitateak uraren zikloaren modernizazioarekiko eta berrikuntzarekiko duen konpromisoa sendotzen du, herritarrei zerbitzu gardenago, eraginkorrago eta ingurumenarekiko arduratsuago bat eskainiz. Jasangarritasuna gure hiriaren konpromisoa da, eta aurrerapauso honek norabide horretan jarraitzen laguntzen digu”.

Instalazio-prozesua

Kontagailuak aldatu aurretik, herritarrei jakinarazpena egingo zaie, eta informazio-kartel bat jarriko da eraikinen atarietan. Kontagailuak etxebizitzen barruan dauden kasuetan, Txingudiko Zerbitzuak harremanetan jarriko da abonatuekin hitzordua adosteko. Une jakin batean hornidura eten behar den kasuetan, aurrez abisua emango da.

Instalazio-lanak egingo dituzten langile guztiek beharrezko akreditazioa izango dute, segurtasuna eta konfiantza bermatzeko. Gainera, kontagailu zaharren ordez teleirakurketa-moduluak dituzten belaunaldi berriko kontagailuak jartzeak ez du inolako kosturik ekarriko abonatuentzat.

Ekimen honekin, Txingudiko Zerbitzuak-ek uraren kudeaketan duten lidergoa berresten du, berrikuntza eta digitalizazioa funtsezko tresna gisa, hiri-uraren zikloan zerbitzu eraginkorragoa, jasangarriagoa herritarrak erdigunean dituena eskaintzeko.

 

Web orriaren oina
© 2025 Servicios de Txingudi - Txingudiko Zerbitzuak (STTZ)