- Ordenantza berriak 2001etik indarrean dagoena ordezkatuko du.
- Testua jendaurrean jarriko da, herritarrek alegazioak edo proposamenak aurkeztu ahal izan ditzaten.
Txingudiko Zerbitzuen Mankomunitateak behin-behinean onartu du Hiri Hondakinen Kudeaketarako Ordenantza berria, tokiko araudia eguneratzeko eta eskaintzen diren zerbitzu guztiak biltzeko. Ordenantza berriak lege-eskakizunekin nahiz egungo ingurumen-erronkekin bat egiten du. Ordenantza honek 2001etik indarrean dagoena ordezkatuko du, eta Estatuko legeak beteko direla bermatzeaz gain (esaterako, 7/2022 Legea, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa, edo 1055/2022 Errege Dekretua, Ontzien eta Ontzi Hondakinen kudeaketari buruzkoa), hondakinen kudeaketa eraginkorragoa, jasangarriagoa eta birziklapenarekin konprometituagoa sustatzen du.
Behin-behinean onartutako testua jendaurrean egongo da 30 egunez, otsailaren 4tik aurrera. Epe horretan, herritarrek dokumentua kontsultatu ahal izango dute www.txinzer.eus webgunean, eta alegazioak edo proposamenak aurkezteko aukera dute ondorengo bideetako bat erabilita:
● Txingudiko Zerbitzuen Mankomunitateko Erregistro Orokorrean, Irungo Juncal kalean (26. zk.), astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:00era. Aldez aurretik hitzordua eskatu behar da 900 119 384 telefonoan edo txingudi@txinzer.eus helbidera idatziz.
● Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 16. artikuluan ezarritako puntuetan.
● www.txinzer.eus webgunean horretarako gaitutako estekaren bidez.
Egungo beharretara egokitutako araudia
Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuetako gerentea adierazi du ordenantza berria funtsezko urratsa dela hondakinen kudeaketa modernizatzeko: “Azken urteotan gure zerbitzuak asko aldatu dira. Orain, lehen existitzen ez ziren zerbitzuak arautu ditzakegu, hala nola materia organikoaren bilketa,horez gain, berariazko araudirik ez zuten zerbitzuak ere abrne hartzen ditu, hala nola, garbiguneen erabilera. Helburu nagusia da lege-araudiak betetzea, birziklapena erraztea eta eskualdeko ingurumen-inpaktua murriztea.”
Gainera, Estatuko araudi berrietara egokitzeaz gain, ordenantzak Espainiako Ekonomia Zirkularreko Estrategiaren (España Circular 2030) eta 2021-2023 Ekintza Planaren printzipioak barne hartzen ditu. “2001ean, ez zen ekonomia zirkularrari edo birziklapen-helburuei buruzko aipamenik egiten, orduan ez baitzeuden araudi horiek”, azaldu du Zubiturrek.
Ordenantzaren berrikuntza nagusiak
“Ordenantza honetan jasotako berrikuntza guztiak jasangarritasunarekin dugun konpromisoarekin eta birziklapen-helburuak betetzearekin bat datoz”, adierazi du Zubiturrek.
Horretarako, zerbitzu modalitate desberdinak eskaintzen dira, erabiltzaile guztiek edozein eremutan hondakinak bereizteko betebeharra bete ahal izan dezaten: etxeetan, ostalaritzan eta merkataritzan, industrian, jende asko biltzen duten ekitaldi publikoetan, etab.
Zerbitzu-ordenantzak barne hartzen ditu Txingudiko Zerbitzuen betebeharrak, eman behar dituen hondakinak biltzeko eta garraiatzeko zerbitzuei dagokienez, bai eta erabiltzaileek (etxeak, ostalaritza, merkataritza, industriak, etab.) eta hiri-hondakinen ekoizleek dituzten betebeharrak ere, hondakinak behar bezala bereizteari eta entregatzeari dagokionez, dagokion bilketa-zerbitzuaren arabera.
Ordenantza hiru zatitan banatuta dago. Lehenengo zatia aplikatu beharreko araubide juridikoari eta hainbat lege-definiziori buruzkoa da. Bigarren zatian, ematen diren bilketa-zerbitzu guztiak eta erabiltzaileen betebeharrak jasotzen dira. Hiri-eremuko bilketa-zerbitzuak azaltzen dira, lehenik; edukiontzi-motak, bilketa-zatiak, eta abar. Gainera, bi atal zehatz daude industrialdeetan biltzeko, hala nola hondakin-sortzaile handientzat. Era berean, garbiguneak erabiltzeko arauak zehazten dira: erabiltzaile posibleak, hondakin onargarriak, etab.
Azkenik, zehapen-araubidearen kapituluak ordenantza betetzen dela ikuskatzeko eta kontrolatzeko lanak, arau-hauste eta zehapen motak eta zehapen-prozedura biltzen ditu.
Prozesu ireki eta parte-hartzailea
Ordenantza berria prestatzerakoan herritarren parte-hartzea sustatu da. “Testuak eskualdeko beharrak islatu zitzan nahi genuen, eta horregatik ireki genuen herritarrek eta eragileek proposamenak aurkezteko kontsulta-aldi bat”, azaldu du Irungo alkate Cristina Labordak. Mankomunitateak behin-behinean ordenantza onartu ondoren, testua jendaurrean jarriko da herritarrek alegazioak aurkez ditzaten, behin betiko onartu aurretik.
“Jasangarritasuna gure hiriaren etorkizunerako funtsezko zutabea da. Ordenantza honekin ez gara soilik lege-eskarietara egokitzen, hori baino askoz gehiago da: Txingudiko Zerbitzuen konpromisoaren erakusgarri da. 22 urteren ostean, araudia eguneratu dugu gure eskualdearen egungo beharretara egokitzeko. Baina garrantzitsuena da nola osatu dugun ordenantza hau: entzunez. Eragilee, auzokideei, herritarrei entzunez. Modu honetara bakarrik eraiki dezakegu guztiontzat izango den eta etorkizuneko erronketarako prestatuta egongo den Mankomunitatea.”
Igor Enparan Hondarribiko alkateak azaldu duenez, “ordenantza honek Txingudiko eskualdeak ekonomia zirkularrarekin eta bere ingurune naturalaren babesarekin duen konpromisoa islatzen du. Garbiguneak eta biohondakinen gaikako bilketa bezalako zerbitzuak sartzea funtsezkoa da kudeaketa jasangarriago eta eraginkorrago baterako. Hondakinen kudeaketa egokia erronka bat den testuinguru global batean, gure erantzuna gure kaleetan eta udalerrietan hasten da. Ordenantza honekin, Txingudiko Zerbitzuak-ek bere eboluzio gaitasuna eta egungo beharrei erantzuteko borondatea erakusten du ".
Ekimen honen bidez, Txingudiko Zerbitzuen Mankomunitateak bere konpromisoa sendotzen du jasangarritasunarekin, modernizazioarekin eta herritarren parte-hartzearekin, eskualde osoarentzako etorkizun garbiago eta arduratsuago baterantz aurrera eginez.