- Bulego ibiltari bat jarri da Martxoak 8 plazan, azaroaren 27ra arte.
- Txinzerren ingurumen-hezitzaileek Portua Auzoko eta Alde Zaharreko 1.380 etxebizitza bisitatuko dituzte.
Bidasoa Beherea, 2024ko urriaren 29a. Txingudiko Zerbitzuak-ek eta Hondarribiko Udalak elkarlanean jarraitzen dute hiriko birziklapen tasa hobetzeko, BidaSOS 2030 kanpainari esker. Irungo Larreaundi, Olaberria, Behobia, Bidasoa eta Artia auzoetan emaitza onak lortu ondoren, oraingo honetan ekimena Hondarribiko Portua Auzora eta Parte Zaharrera zuzenduko da, 2030erako birziklatze-tasa %70era handitzeko helburuarekin.
-
Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuetako gerenteak kanpaina hedatzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du: "Irungo auzoetan kanpainak arrakasta handia izan du; azken auzoetan edukiontzi marroiko parte-hartzean hazkunde garrantzitsuak lortu ditugu. Artian, % 57tik % 71ra igo da; Larreaundin, % 62tik % 71ra; Olaberrian, % 58tik % 62ra; eta Behobian, % 43tik % 63ra. Orain, Hondarribiko Portua auzoan eta Alde Zaharrean emaitza arrakastsu horiek errepikatu nahi ditugu, izan ere, gaur egun, Alde Zaharrean % 46,75eko parte-hartzea dago eta Portua Auzoan % 43,91koa. Erronka zifra horiek hobetzea izango da."
Kanpainaren baitan, bulego ibiltari bat jarri da Martxoak 8ko plazan, azaroaren 27ra arte. Arreta ordutegia astelehenetik ostiralera 10:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara izango da, eta larunbatetan 9:00etatik 14:00etara.
Bulego ibiltari honen helburua da herritarrei hondakinen gaikako bilketari buruzko informazio argia ematea, bai eta edukiontzi marroia irekitzeko txartelak, birziklatzeko ontziak eta poltsa konpostagarriak banatzea ere. Gainera, Txingudiko Zerbitzuak-eko hezitzaile taldeak inguruko 1.380 etxe bisitatuko ditu informazio-liburuxkak emateko, herritar guztiak birziklatzean aktiboki parte hartzeko prest eta informatuta daudela bermatzeko.
Zubiturrek dei egin die bizilagun guztiei edukiontzi marroian alta eman dezaten, eta gogorarazi du ekimen honekin bat egin eta edukiontziaren erabilera eraginkorra egiten duten herritarrek tarifa baxuagoak izango dituztela. Batez beste, etxeko, urtean 103,07 euro aurreztuko dituzte.
-