Bidasoa Beherea, 2024ko uztailaren 1a. Txingudiko Zerbitzuakek Errandoneako depositua berreraikitzeko lanak hasi ditu, 70eko hamarkadan eraikitako ur-biltegiak birgaitzeko planaren eta 2017-2025 aldirako Inbertsio Planaren baitan.
Obraren baitan, egungo egitura osorik eraitsi eta hormigoi armatuzko biltegi berri bat eraikiko da, lehendik dagoen indusketa aprobetxatuz eta 4.500 m³-ko edukiera mantenduz. Gainera, depositu berriak balbuleria modernoa eta kontrol zein segurtasun elementuak izango ditu, eta sarreran mikroturbina bat instalatuko da energia berriztagarria sortzeko, sartzen den emariaren presioa erregulatuz. Proiektu honek 2.236.070 euroko aurrekontua du eta Urbycolan enpresak gauzatuko du 9 hilabeteko epean.
Errandoneako biltegia izen bereko baserriaren ondoan dago kokatuta, Hondarribian, eta bi fasetan eraiki zen: lehenengo fasean, 70eko hamarkadaren hasieran, Iparragirre Garaiko eta Beheko biltegiak eraiki ziren. Bigarren fasean, 90eko hamarkadaren amaieran, edukiera bikoiztu egin zen Elordi – Errandonea hodia eraikita, eta guztira 4.500 metro kubikoko edukiera lortu zen.
Bost hamarkada baino gehiagoko antzinatasunarekin, denboraren joanak gabezia batzuk eragin ditu, eta garrantzitsua da berritzea. Azterketa geotekniko eta estruktural sakon baten ondoren, erabaki da depositua berreraikitzea dela konponbide bideragarriena, izan ere, egungo egitura baldintzak direla-eta birgaitze soil bat ez da nahikoa.
Proiektu honek, uraren kalitatearen gaineko kontrola nabarmen hobetzeaz gain, ihesak ere ezabatuko ditu, eskualdeko ur-horniduraren efizientzia eta jasangarritasuna bultzatuz.
Errandoneako depositua berreraikitzea 2017-2025 Inbertsio Planaren esparruan planifikatutako jarduketa multzo baten parte da. Plan horren barruan, dagoeneko amaitu da Iparragirre Beheko biltegiaren birgaitzea, eta datorren urtean Iparragirre Garaiko depositua hobetzea aurreikusten da.