“Txingudi garbia guztion artean: Mastekatzeko gomen arazoa”
Bi helburu bila ziren kanpaina honekin: kaleko garbiketaren arazo orokorraren eta mastekatzeko gomen arazo bereziaren inguruan arreta piztea, eta hiriko ingurumenaren kontserbazioarekin errespetagarriagoak diren portaera ohiturak sustatzea. Kanpaina honek hiru aste iraun zituen, eta hiritar guztiak eta Lehen Hezkuntzari emandako ikastetxeak izan zituen xede nagusi.
Lau esparrutan garatu zen kanpaina hau: tokiko hedabideetan iragarkiak eginez, informazio egonkorra eskainiz, hiritarrekin zuzeneko harremana edukiz eta ikastetxeetarako materiala prestatuz. Hedabideei dagokienez, iragarki bat eskaini zen tokiko telebistan eta zine aretoetan, iragarki bat eskaini zen tokiko irratian eta iragarki bat plazaratu zen tokiko prentsa idatzian.
Kanpainaren helburuen berri emateko, berriz, informazio egonkorra eskaintzen zuten hainbat baliabide baliatu ziren: banderatxoak faroletan, displayak hirietako jarlekuetan, itsasgarriak hiriko zoruetan mastekatzeko gomen presentzia salatzeko eta panel berriemaile egonkorrak nola kaleetan hala autobusen barruko aldean. Horietan aipagarriak dira, berriak zirelako, displayak eta itsasgarriak.
Displayak jarlekuen formara egokitzen ziren eta haiei itsasten zitzaizkien "afixak" ziren, jarlekuaren egitekoari trabak ipini gabe. Haietako bakoitzean mezu bat ipini zen: "Colon Ibilbidea, 24.000 mastekatzeko goma 22 hilabetetan", "Hondarribiko San Pedro kalea, 29.000 mastekatzeko goma", "Mastekatzeko goma batek 7 urte eman ditzake zoruari itsatsirik", "Mastekatzeko goma batek 0,15 € balio ditu, eta zorutik erauztea euro bat" eta "erosten diren mastekatzeko gomen erdiek zoruan amaitzen dute".
Displayekin batera, zoruan itsasgarriak ipini ziren hain zuzen ere mastekatzeko gomek utzitako orbanen gainean. Oinezkoak gelditu egiten ziren, itsasgarriei begira jartzen ziren, eta seinaleztatutako lekuetatik igarotzen zirenean benetako mastekatzeko gomek utzitako orbanei begira geratzen ziren. Helburua lortua zen!
Hiritarrekiko zuzeneko harremana bultzatzeko xedean kaleko antzerkia baliatu zen. Antzerki taldearekin batean Txingudiko Zerbitzuak elkarteko langile batek parte hartzen zuen ikuskizunean, eta hesiz inguraturiko azalera batean topatzen zituen mastekatzeko goma guztiak klarionez markatu ostean zorutik erauzi egiten zituen ohiko sistema baliatuta (ur beroko txorrotarekin, presioz). Ekimen osagarri hau oso interesgarria gertatzen zen hurbiltzen zirenentzat, bertatik bertara hauteman baitzezaketen mastekatzeko goma zorutik erauzteko lanak zeinen nekezak diren.
Bukatzeko, aurreko urtean Lehen hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleentzat kaleratutako ikastetxeetarako materiala argitaratu zen berriro ere. Material hau ikasleentzako lanerako koaderno batek, irakasleentzako koaderno berriemaile batek eta ikasleen gurasoentzako aldizkari berriemaile batek osatua zen, kanpainak Bidasoaldeko etxe guztietan presentzia izan zezan.