- Jaietan, inbertsio ekonomikoa% 30 handituko da. Dispositibo teknikoa eta pertsonala indartuko dira, guztira 110 lanaldi gehigarrirekin.
- Guztira, 20.000 edalontzi berrerabilgarri banatuko dira Urdanibia plazako lau txosnetan.
Irun, 2024ko ekainaren 3a. San Pedro eta San Martzial jaiak gain-gainean ditugu, eta Irungo Udala eta Txingudiko Zerbitzuak prest daude ospakizunei hasiera emateko. Jai garbi eta jasangarriak izango direla ziurtatzeko, nabarmen indartuko dira giza baliabideak eta baliabide teknikoak. Garbiketa dispositibo berezia ekainaren 15ean jarriko da martxan eta etengabe mantenduko da ekainaren 22tik uztailaren 4ra bitartean.
Borja Olazabal Garapen Iraunkorreko ordezkariak gogorarazi duenez,"oso garrantzitsua da bateragarri egitea jaien gozamena eta ohitura jasangarriekin”. “Udalean dugun espirituaren parte da eta, horregatik, aurten ere, esaterako, txosnetan edalontziak berrerabiltzeko ekimenarekin jarraitzen dugu. Guztion erantzukizuna da ahalik eta San Martzial jasangarrienak izaten laguntzea, eta Udalak eta Txingudiko Zerbitzuek garbiketarako eta birziklapenerako dispositibo handia prestatu dugu helburu hori lortzen laguntzeko ".
Horrela, jaiegunetan inbertsio ekonomiko garrantzitsua egingo da kaleak garbi egon daitezen. Leire Zubitur gerenteak adierazi bezala, langileen errefortzu bat ezarriko da, 110 lanaldi gehigarrirekin, festetako egun guztietan banatuta. Bestalde, Zubiturrek azaldu duenez, " ohiko zerbitzuaren eguneroko kostua 12.715 eurokoa bada, jaietako egun bakoitzean kopuru hori % 30 handituko da". Leire Zubiturrek herritarren laguntzaren garrantzia azpimarratu du, jaietan ere garbitasuna mantentzeko: "Hondakinen sorrera minimizatzea da gakoa. Herritarrei dei egin nahi diet errespetuz joka dezaten eta birziklatzeko gaikako bilketa-guneak erabil ditzaten. Ez da garbiagoa gehien garbitzen duena, gutxien zikintzen duena baizik”.
Urtero bezala, arreta berezia jarriko da jende gehien biltzen den guneetan. Garbiketa-brigadak egunero antolatuko dira eguneko lehen orduetan ospakizun gehienak biltzen dituzten eremuak ekortzeko eta garbitzeko, hala nola San Juan plaza eta haren ingurua, Kale Nagusia, Sargia Parkea, Kolon eta inguruak, Zabaltza-Luis Mariano, Pio XII, Iparralde etorbidea, Ficoba, Euskal Jai frontoia, Istillaga edo Erromes, besteak beste. Lan horien aurretik, beira eta ontziak eskuz bereiziko dira, errefudan amaitzen diren hondakinen kopurua murrizteko. Gainera, bilketa maiztasuna handituko da hala eskatzen duten irlatxoetan, egunero hondakin-zati guztiak hustuz.
Birziklapen-guneak
Hondakinen kudeaketari dagokionez, birziklatzeko hamar puntu berezi jarriko dira funtsezko guneetan, gaikako bilketarako seinale argiekin:
- Urdanibia plazako txosnak: txosna bakoitzak edukiontzi organiko bat eta 120 l-ko beirazko edukiontzi bat izango ditu. Gainera, guztientzat puntu bat jarri da kanpoaldean, kartoia, ontziak eta beira bereizteko edukiontziekin, eta bilketa-maiztasuna ere indartuko da.
- FICOBA: hainbat puntu jarriko dira gaikako bilketarako lau edukiontzirekin, eta, gainera, beste edukiontzi orokor bat azoketako salerosleentzat materia organikoa, ontziak, kartoia eta beira bereizteko.
- Erdigunea: herritarrentzat oro har, birziklatzeko hainbat puntu jarriko dira, gaikako bilketarako lau edukiontzirekin. Puntu horietako bakoitzak seinaleztapen espezifikoa eta oso agerikoa izango du.
Zubiturren esanetan, iaz ez ziren behar bezala erabili gaikako zakarrontziak, eta horrek zaildu egiten du birziklapen eta garbiketa prozesua. "Aurten, dei berezia egiten diegu herritarrei zaborra lurrera bota ez dezaten eta gaikako zakarrontziak behar bezala erabil ditzaten. Hiria garbi mantentzea guztion zeregina da. Guztion konpromisoak jai atseginagoak eta jasangarriakoak izaten laguntzen du", adierazi du Zubiturrek.
Edalontzi berrerabilgarriak
Txingudiko Zerbitzuek 20.000 edalontzi berrerabilgarri jarriko ditu Urdanibiako plazako lau txosnen esku, 5.000 bakoitzarentzat. Edalontziak erabiltzeko sistema ohikoa izango da: txosnetan egongo dira salgai euro bateko prezioan. Ondoren, edalontzia txosnan itzultzean, ordaindutako euroa itzuliko da. Jaiak amaitu ondoren, Txingudiko Zerbitzuak arduratuko da entregatutako edalontzi guztiak biltzeaz, eta enpresa espezializatu batean garbituko dira, etorkizunean berreabilitzeko moduan egon daitezen.
"Hiri garbia herritar arduratsuen isla da. Jar ezazu zure aletxoa eta lagundu jaiak ingurumenarekiko errespetuzkoak izan daitezen!", gogoratu du Zubiturrek.