- Iaz, edukiontzi organikoaren parte-hartzea % 55etik % 70era igo zen kanpaina egin zen auzoetan.
- Apirilaren 29tik ekainaren 15era, Txinzerren hezitzaileek Irungo Santiago-Beraun, Dunboa, Alde Zaharra, Arbes eta Meaka auzoetako 2.652 etxebizitza eta 246 saltoki bisitatuko dituzte guztira.
Irun, 2024ko apirilaren 29a. 2023an Ventas, Amute-Kosta, Mendelu eta Irun erdigunean emaitza positiboak izan ondoren, BidaSOS 2030 kanpaina Irunera itzuli da, 2030erako eskualdeko birziklatze tasa % 70era igotzeko helburuarekin. Ekimenaren lehen urtean, BidaSOSek erakutsi du funtsezkoa dela eskualdeko birziklatze tasa handitzeko. 2022an atzerakada izan ostean, BidaSOS estrategiari esker birziklatze tasa bi puntu handitzea lortu da, %54tik %56ra.
Ventas auzoan hasi zenetik, BidaSOS 2030 kanpainak aurrerapen nabarmenak lortu ditu; izan ere, datuek erakusten dute eragin positiboa izan duela herritarren kontzientzian eta parte-hartzean. Hasiera batean, kanpaina gauzatu zen auzoetan %55 ziren edukiontzi marroiaren erabileran parte hartzen zutenak, batez beste. Kanpainaren ondoren, aldiz, Katea-Ventasen, Amute-Kostan, Mendelun eta Irun erdigunean bizi direnen % 70ek baino gehiagok aktiboki parte hartzen dute hondakin organikoak bereizten.
Birziklatze-tasa handitzen jarraitzeko helburuarekin, oraingo honetan kanpaina Irungo 4.eremuan gauzatuko da, Santiago-Beraun, Dunboa, Alde Zaharra, Arbes eta Meaka auzoetan, hain zuzen ere. Apirilaren 29tik ekainaren 15era bitartean, ingurumen-hezitzaileek 2.652 etxebizitza eta 246 saltoki bisitatuko dituzte guztira, informazio zehatza eskainiz eta praktika jasangarriak sustatuz. Gaur egun, edukiontzi marroiari dagokion partaidetza-tasa %58,54koa da.
Aurrekoetan bezala, bulego ibiltari bat jarriko da Jenaro Etxeandia plazan (apirilaren 29tik maiatzaren 29ra arte), astelehenetik ostiralera 10:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara, eta larunbatetan 9:00etatik 14:00etara. Maiatzaren 29tik ekainaren 15era, bulegoa Uztapide Bertsolariaren kalera lekualdatuko da eta ordutegi berbera mantenduko du. Orain arte bezala, bulego ibiltarian gaikako bilketaren prozesuari buruzko informazio zehatza emango da eta, hala nola, edukiontzi marroia irekitzeko txartelak, etxerako ontziak eta poltsa konpostagarriak banatu. Gainera, Txingudiko Zerbitzuetako ingurumen-hezkuntzan trebatutako langileek inguruko etxe bakoitza bisitatuko dute eta informazio-diptikoak emango dituzte, herritar guztiek ekimen horretan parte hartzeko beharrezko informazioa eta gaitasuna dutela ziurtatzeko.
Irungo auzo hauetaz gain, BidaSOS 2030 kanpaina beste bi eremutara zabalduko da uda ostean. Bosgarren eremuak Irungo Behobia, Bidasoa, Artia, Larreaundi eta Olaberria auzoak hartuko ditu, eta seigarrenak, berriz, Hondarribiko Alde Zaharra eta Portua. Hedapen horrek BidaSOS 2030 kanpainak herritar guztiengana iritsi eta eskualde osoan praktika jasangarriak sustatzeko duen konpromisoa islatzen du.
Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuen gerentearen hitzetan, “ekimen honek lankidetzaren indarra nabarmendu du”. “Ikusten ari garen emaitza positiboak gorabehera, gure helburua lortzetik urrun gaude oraindik. Herritarrak konpromisoz erantzuten ari badira ere, ikusten dugu errefusaren edukiontzira botatako hondakinen % 67k, gutxi gorabehera, ez luketela hor egon behar. Beraz, funtsezkoa da auzoz auzo, atez ate joatea informazioa eta hezkuntza emanez, jendea inplikatu dadin eta behar diren tresna guztiak izan ditzan ekimena behar bezala gauzatzeko”. Gainera, adierazi du herritarren parte-hartzea funtsezkoa dela Irun eta Hondarribia leku garbi, jasangarri eta eredugarri bihurtzeko, eta gogorarazi du edukiontzi marroian izena eman eta erabilera ona egiten duten herritarrek euren tarifetan batez beste 103,07 euro aurreztuko dituztela.
Bestalde, Cristina Laborda Irungo alkatea pozik agertu da orain arte lortutako emaitzekin: "Kanpaina bere fruituak ematen ari da eta horrek asko pozten bagaitu ere, oraindik badago hobetzeko tartea % 70eko birziklatze tasaren helburua lortzeko. Zer mundu utzi nahi diegu gure etorkizuneko belaunaldiei? Galdera hori egin behar diogu geure buruari. Ezinbestekoa da elkarrekin lan egitea etorkizun hobea eraikitzeko, hiri jasangarriagoa hurrengo belaunaldientzat. Pozgarria da ikustea nola handitu den edukiontzi organikoaren parte-hartzea kanpaina ezarri den auzoetan, eta nola eragin duen horrek eskualdeko birziklatze tasan. Berriro ere, horrek erakusten digu ekintza txiki bakoitzak gauza handiak lor ditzakeela. Espero dut datozen auzoetako herritarrek ere modu berean erantzutea eta pixkanaka, Bidasoa eskualdea erreferente bihurtzea.