Bigarren eskuko bizikleten azoka Irunen, Mugikortasunaren Europako Astearen barruan
• Datorren igandean, irailaren 17an, ospatuko da Irungo Zabaltza plazan, 10: 30etik 14: 00etara.
• Bizikletak saldu nahi dituztenek hitzordua eskatu beharko dute www.txinzer.eus webgunearen bidez.
Irun, 2023ko irailaren 8a. Datorren igandean, irailaren 17an, Txingudiko Zerbitzuak antolatutako bigarren eskuko patinete elektrikoen eta bizikleten azoka egingo da, Mugikortasunaren Europako Asteko programazioaren baitan. Ekitaldia Irungo Zabaltza plazan izango da, 10: 30etatik 14: 00etara.
Merka2dasoaren helburu nagusia mugikortasun jasangarria eta hiri-hondakinen murrizketa sustatzea da, herritarrei patinete elektrikoak eta bizikletak berrerabiltzeko topagune bat eskainiz. Horregatik, salgai jartzen diren patinete elektriko eta bizikleta guztiak jada erabilitakoak izan beharko dute eta egoera onean egon. Ezingo da material berririk edo stockik saldu.
Adin nagusikoek bakarrik hartu ahal izango dute parte eta NANa eta telefono zenbakia eman beharko dituzte. Bizikleta eta patinete elektrikoak bakarrik onartuko dira, eta inoiz ez 500 €-tik gorako prezioan.
Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuen kudeatzaileak merkatuan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak, eta Bidasoa eskualdean ekonomia zirkularra sustatzearen garrantzia azpimarratu du. Zubiturren arabera, “funtsezkoa da materialen eta baliabideen bizitza erabilgarria luzatzea hondakinak ahalik eta gehien murriztuz, eta Merka2dasoa ikasturte berria kalitatezko bizikleta eta patinete elektrikoekin hasteko modu aparta da, prezio eskuragarrian erosteaz gain, ingurumena zaintzen baita”.
Patinete elektrikoa edo bizikleta saldu nahi duenak aurretiazko hitzordua eskatu beharko du txinzer.eus webgunean edo 900 119 384 telefono zenbakira deituta.