Nabigatzeko laguntzak

Hizkuntza aukeratzeko menua
Facebook Twitteryoutube

Kontaktua
Jendeari harrera egiteko bul.: Irun (soilik aurretiko hitzorduarekin)
Junkal kalea, 26 behea (8:30 - 14:00).

Hondarribia
Javier Ugarte Kalea, 6 (8:30 - 14:00).
Harrera bezeroei
Kontsultak eta iradokizunak
Logotipo de Txingudiko Zerbitzuak

Web orriaren edukia

Iraunkortasuna Behe Bidasoan

Behe Bidasoako eskualdea politikoki Irun eta Hondarribiko udalerriek osatuta badago ere, Pausuko auzoak (Urruña), Biriatuk eta batez ere Hendaiak osatzen dute eskualde hau geografikoki. Fisikoki oso ondo mugatuta dago: iparraldean itsasoa du, hegoaldean Aiako Harria mendialdea, ekialdean Biriatuko kareharrizko mendi adarrak eta Abadiako flysha, eta mendebaldean Jaizkibel mendiaren hareharrizko adarrak, Gaintxurizketako Gaina barne.

Eta ez da soilik ondo mugatutako eskualdea. Aldi berean eskualde txikia da, biztanleek inguru fisiko bat eta bera partekatzen dute, eta harekin saihestu ezinezko harreman sarea osatzen da hiritar horien oraingo eta etorkizuneko beharrei erantzun ahal izateko; harreman horien ondorioz espazio hau, klima egoera bereziak bizi dituen espazio hau, barne jarduerak eragindako eraldaketen mende dago.

Inguru honetan deus ez da estatiko, dena higitzen da energia eta materiaren fluxuen gisara, asko eta asko kanpotik etorriak dira, edo geure eskualdean bertan sortuak dira, eta euren egiteko gai ez direnez esportatu egiten dira, kanpokoaren mendeko harreman estuagoa edo lasaiagoa sortuz, eskualdeak bizirauteko behar duen oreka lortzeko aukera eskainiz.

Ura eta hiri hondakinak kudeatzeko eta kaleak garbitzeko dituen eskuduntzen artean, Txingudiko Zerbitzuak elkartearen egitekoa ekosistema honen baitara, nagusiki hiri izaerakoa den ekosistemara, biltzen da, hura baita haren lan unitatea. Hain zuzen ere ekosistema honetan oreka ahalik eta iraunkorrena izaten laguntzea du egiteko nagusienetakoa elkarteak, eskualde hau, batetik, bere baliabideak kudeatzeko gai izan dadin etorkizuneko beharrak hipotekatu behar izan gabe egungo beharrei erantzuteko, eta bestetik, ahalik eta kanpo mendekotasunik txikiena izateko; helburu horren bila hainbat proiektu osatu dira azken urteetan, nahiz eta ezin izan diren guztiak bururatu.

Txingudiko Zerbitzuak sistemaren orekari egiten dion ekarrian kokatzen da Ingurumen Hezkuntza, baliabide hau erabiltzen baita ingurumenaren aurreko sentsibilizazioa emendatzeko, kritika egiteko gaitasuna emendatzeko eta ingurumen izaerako arazoen aurreko konponbideetan hiritarren parte hartzea bultzatzeko, hiritarrek irizpide sendoetan oinarriturik baloratu ahal izan ditzaten baliabideen eta beharren aurreko eskaeren kudeaketa eta kudeaketa ekonomikoa.

Zertan da iraunkortasunaren aldeko lan ildo hau?

Adibide argi bat ipintzearren, iragan mendeko 60. eta 70. hamarraldietara jo dezakegu; garai haietan Behe Bidasoako eskualdean bizi izandako hiri hazkundearekin batera ez ziren urarekin, hondakinekin eta kaleen garbiketarekin zerikusia zuten zerbitzu eta azpiegitura egokiak prestatu. Bestela esanda, ez zen hiri garapen iraunkorra gertatu, hiri hazkunde eramanezin bat baizik, eta ondorioz, eskualdeak gabezia garrantzitsuak jasan behar izan zituen edateko uraren hornikuntzan, ez ziren hondakin urak arazten, hiriko erreken osasungarritasun eza agerian utzirik, sortzen ziren hiri hondakinak jasotzeko leku egokirik ez zelako, birziklatzeko tasak hutsaren hurrengo zirelako eta garbiketak egiteko zerbitzua nahikoa ez zelako.

Oinordekotzan jasotako egoera horrek 80. urteetan baliabide eta beharrizanen eskaera handi bat eragiteaz gainera, plangintza eta diruzko baliabideen bidez eten beharreko egoera eramanezina ekarri zuen berekin batera. Orduz geroztik eta gure garaira arte bidasoatarrak gai izan dira dinamika eramanezin horiek zuzentzeko, oinordetzan jasotako gabeziak gainditzeko eta hain zuzen ere iraganean egin ez zena eginez modernizatzeko, etorkizuneko belaunaldiak gogoan balizko ingurumen inpaktua gutxienera eramanez eta egungo belaunaldiari ongizate maila altua eskainiz uraren, hondakinen eta kaleko garbiketen arloan eta, ondorioz, energia eraginkor eta berriztagarrien esparruan.

Ura da oinarria

Zentzuzkoa dirudi 80. urteetan bizi zen egoeraren aurrean premiazkoena urarekin zerikusia zuten gabeziei aurre egin izana. Eta halaxe egin zen. Lehenik, 1989 eta 1995 bitartean, Jaizkibelgo uren hartuneak, Endarako urtegia eta Endarako ura Eskualdea hornitzeko sistemara eramateko hodia eraiki ziren ur iturri naturalak erregulatu ahal izateko eta Irun eta Hondarribia hornitu ahal izateko gutxieneko berme batzuekin.

Azpiegitura hauek, giza kontsumoarentzako uraren kalitate fisiko-kimikoa eta bakteriologikoa bermatzen duten Elordiko Edateko Ura Tratatzeko Plantarekin (EUTP, 1996) eta Atalerrekako Hondakin Urak Arazteko Plantarekin (HUAP, 2004) batean, betikoz egituratu zuten uraren ziklo integrala Irunen eta Hondarribian. Landa eremuan eta mendialdean beharrezkoak ziren jarduerak izan ziren, eta bere garaian eskualdeko ingurumenean zuzeneko eragina izan bazuten ere, gaur egun eraginak arintzen eta zuzentzen ari dira: honenbestez, Behe Bidasoako hiritarrek egun ura hartzeko, hornitzeko eta saneatzeko sistema guztiz iraunkorra dute inguru guztiz zoragarri batean.

Halatan, 30-35 urtetik gorako bidasoatarren gogoan baizik ez dira hiritarrek lehorteetan, batez ere uda partean, bizi izaten zituzten ur murrizketa luzeak edo Irungo alde beherenetan eta Hondarribiko erreka batzuen inguruetan sarritan gertatzen ziren uholdeak gordetzen. Bestalde, aipagarria da Behe Bidasoak gozatzen duen edateko uraren kalitate bikaina 1996. urtean Elordiko planta lanean hasi zenetik, eta saneamendurako sistemak 2004. urtean Atalarreko planta errealitate denez geroztik auzoen ongizatean eta osasun publikoan eragindako aurreramenduak. Horrek guztiak aukera eman zuen hiriaren inguruan kaltetutako edo ukitutako espazioak berreskuratzeko eta hobetzeko, baina baita hirigunea bera hobetzeko ere, aisialdirako eta olgetarako espazio bihurturik hiriko erreken bazterrak, Bidasoa ibaia, itsasbazterra eta eskualdeko hondartzak. Egun esan dezakegu Irun eta Hondarribia, lehen ez bezala, ibaiari eta itsasoari begira bizi direla.

Egia da horniduran kontu batzuk betikoz ixteko daudela oraindik, esate baterako, gero eta populatuago dagoen espazioari edateko uraz hornitzeko bermea, eta luze jo lezaketen lehorte aldietan, hiriko edateko ura landa eremuetara eraman ahal izatea; era berean, nola urez hornitzeko hala uren saneamendurako hiriko sareen errendimendua emendatu behar da sareak ordezkatuta, konponduta edo partzialki berrituta. Saneamendu sarean ere amaitzeke daude puntu jakin batzuk, baita erreka batzuetan uholdeei aurrea hartzeko jarduera batzuk ere. Baina uraz hornitzeko eta uraren saneamendurako eskema nagusiak bideratu ondorengo erronka horiei aurre egiteak aukera ematen du halako perspektiba batekin lan egiteko eta, beraz, eskualdearentzat eta bertako biztanleentzat ingurumen izaerako onurak ekartzeko, batez ere eskualdea osatzen duen ekosistema hondakin urak bere egiteko gai izateko eta ur horiek baliabide energetiko eta araztutako ur bihurtzeko, betiere Txingudiko eskualdea iraunkorragoa eta osasungarriagoa izan dadin.

Prozesu honi loturik egon da energia berriztagarri eta eraginkorraren sorrera, esate baterako Domiko, Elordi eta Irugurutzetako zentral hidroelektriko txikiekin; Atalerrekako uren arazketan lortutako biogasetik abiatuta sortutako argindarrarekin, edo ur deposituetako eguzki xafla termiko edo fotovoltaikoen instalazioarekin; energiaren baterako sorkuntzarako aretoaren instalazioarekin... Badakigu hiritarrek nekez hauteman dezaketen egitekoa dela honakoa, baina eraginkorra da oso Kyotoko protokoloan agindutakoak betetzeko orduan eta gure eskualdeko atmosferaren kalitatea zaintzeko orduan, eta beraz, zuzeneko ondorioa du bidasoatarren bizi kalitatean.

Geroago etorri ziren hiri hondakinak

Hiri hondakinen kudeaketan batez ere bi egiteko nabarmentzen dira: hondakinen biltzea eta haien tratamendua. 90. hamarraldian funtsezko gertatu ziren kontu horiek biak Behe Bidasoako eskualdean. Honenbestez, 1993an itxi egin zuten Katea Auzoko zabortegia, 1997an Txingudiko Urak Txingudiko Zerbitzuak bihurtu zen hiri hondakinak kudeatzeko eskuduntza jaso zuenean, eta 1999an hondakinak jasotzeko edukiontzi zahar guztien ordez edukiontzi koloretsu berriak egokitu ziren, ordurako bazegoen beira eta paperaren gaikako bilketari edukiontzi kolorez horia gehitu baitzitzaion plastikozko (brick moldeko ontziak) eta metalezko ontziak jasotzeko. Ekimen hau aprobetxaturik nabarmen emendatu ziren biztanle kopuruen araberako irlatxo hauen ratioak.

Oso denbora gutxian gauzatu zen iraultza honetan guztian, San Markosko Mankomunitatearen mendeko herri bihurtu ziren Irun eta Hondarribia edukiontzi berdean jasotako hiri hondakinak deuseztatzeko orduan. Mendekotasun hau gainditzeko saioak egin ziren kudeaketa integratuaren, nor bere askitasunaren eta batez ere hurbiltasunaren printzipioak betetze aldera, hondakinak haiek sortzen diren lekutik gertuen kudeatu behar baitira, baina ahalegin horiek ez zuten emaitzarik ekarri Hiri Hondakinak Errausteko Plantarekin eta Zaldunbordako energia berreskuratzeko plantarekin; gisa honetan gure eskualdea lehen bezalatsu geratuko da etorkizunean Usurbilen antzeko Planta bat eraikitzen dutenean, bioidortze sistemarekin, hau da mendekotasun egoeran.

Hondakinen kudeaketaren arloan hiri hondakinen bilketan gertatu da aurrerakadarik handiena, betiere Bidasoaldeko hiritarren laguntzarekin, hiritarrak zerbitzu berriekin (industrialdeetan, merkataritza guneetan, garbiguneen eskaintzarekin...) sarituak izan baitira eta haiei eta ikasleei urtero zuzendutako kanpainekin sentsibilizatuak izan baitira. Ekimen hauei guztiei esker, ia hutsaren hurrengo birziklatze tasatik %32,92ko tasara igo da soilik hamarraldi batean. Gainera, 2010. urtean bosgarren gaikako edukiontzia egongo da erabilgarri; honetan konposta egiteko materia organikoa jasoko da, eta honenbestez etxeetan sortzen diren hondakinen gutxi gora-behera %30 utzi ahal izango dira edukiontzi berri honetan.

Txingudi Aldeko Hiri Hondakinen Plan Integralean (2002-2016) zehaztutako helburuak betetze aldera etxeetan, industrialdeetan eta merkataritza guneetan sortzen diren hondakinak biltzeko zerbitzu hauek guztiak ondo sendotuak egon daitezenean eta Hondarribikoa eraiki baino lehen eta aurrerakin gisa Arasoko Garbigunea ireki eta gero –bertan era askotako hiri hondakinak utz daitezke berreskuratuak, birziklatuak eta baimendutako kudeatzaileei igorriak izan daitezen–, Txingudiko Zerbitzuak, Garapen Iraunkorrerako Sailaren laguntzarekin, ahalegin garrantzitsua egiten ari da hiritarrak hondakinak sortzeko prebentzioaren alde sentsibilizatzeko, etxeko konpostajea sustatuz (konposta egiteko 550 ontzi banatu ditu Behe Bidasoako beste hainbeste familiaren etxeetan, euren etxeetan sortutako hondakinekin konposta egin dezaten), hondakinen prebentziorako gida praktiko bat argitaratuz, plastikozkoen ordez berriro ere erabili daitezkeen oihalezko poltsen erabilera sustatuz, bigarren eskuko produktuen azokak antolatuz, hondakinen prebentzioaren arloan ikasleei zuzendutako kanpaina antolatuz...

Etorkizunekoak hipotekatu behar izan gabe egungo beharrak asetzeko baliabideak behar bezala kudeatzea bada iraunkortasuna, begi bistakoa da bidasoatarrak helburu hau lortzeko ahaleginetan ari direla, prebentziozko kanpainak aintzat hartu eta hondakinak gaika biltzen baitituzte gero birziklatuak izan daitezen. Guztiek beren alea ipintzen dute Irunen eta Hondarribian iraunkortasuna bultzatzeko eta ingurumenarekin solidarioagoak izateko eta harekin errespetu handiago batez jokatzeko. Baina ez da nahikoa. Gure gizarteak parte hartze aktiboagoa izan behar du, gizartearen parte hartzea funtsezkoa baita hondakinak kudeatzeko garaian, parte hartze horrek baliotu egiten baititu bestetik egiten diren ahalegin ekonomiko guztiak eta eskaintzen diren zerbitzu eta bitarteko tekniko guztiak. Zentzu berean hitz egin genezake kaleko garbiketaren arloan, 1999. urtean zerbitzu hau guztiz modernizatu bazen ere, modernizazio aldiak ez baitu etenik izan, bitarteko tekniko berriak eta zerbitzu berriak eskaini baitira harrez gero, kalean bistakoa den bezala.

Etorkizunari begira dugun erronketako bat da hiritarren parte hartze handiago bat lortzea prebentzioaren arloan eta gaikako bilketaren arloan. Horretarako garrantzitsua izango da ingurumen hezkuntza, baita bidasoatarren gizalegea; izan ere, hiri hondakinen kudeaketan gertatzen diren ingurumen izaerako ondorioak ez dira uraren kudeaketatik eratorritakoak bezain agerikoak, nahiz eta biek hala biek antzeko ondorioak izan.

 

 

Web orriaren oina
© 2024 Servicios de Txingudi - Txingudiko Zerbitzuak (STTZ)